Euskaldunon Hizkuntza Eskubideen Aldeko Arrasateko Protokoloak deituta, berrogeita hamar bat pertsona bertaratu dira Arrasateko Herriko plazan egindako elkarretaratzera. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko udal legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen dien aukeraren kontra ebatzi duten sententzia dela eta, batu dira herritarrak.
Olaia Murua AEK-ko kideak "Espainiatik euskararen aurkako oldarraldi gogor bat" datorrela salatu du, eta horren aurrean "elkartzen, indarrak batzen eta mobilizatzen" jarraituko dutela gaineratu du.
"Nik uste dut garrantzitsua dela herritarrei irakurketa politiko integralekin hitz egitea, Frantzia eta Espainian horrelako gauzak gertatzen dira eta gertatuko dira Estatuei ez zaielako interesatzen euskara bezalako hizkuntzak indartzea" azaldu du Josu Zugasti arrasatearrak.
Azaroaren 4an Euskalgintzaren kontseiluak deituta Bilbon egingo den manifestaziora gonbidatu ditu herritarrak, EHE-ko kide den Aitor Juaristik: "garrantzitsuena euskaraz bizi ahal izatea da, eta horrelako ekintzetara hurbildu behar gara guztiok batera dugun indarra erakusteko".