Elkarretaratzea deitu du astelehenerako Euskaldunon Hizkuntza Eskubideen Aldeko Arrasateko Protokoloak

Miren Arregi Amasorrain 2023ko uzt. 7a, 16:03

EAEko udal legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen dien aukeraren kontra Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzitako sententzia dela eta, Euskaldunon Hizkuntza Eskubideen Aldeko Arrasateko Protokoloak elkarretaratzea deitu du astelehenean, uztailak 10, 19:30ean Herriko plazan.

Protokoloaren parte diren eragileek ohar bidez azaldu dute, Eusko legebiltzarrak adostasun politiko zabalarekin onartu zuela udal legea 2019an eta udalerrietan hizkuntza eskubideak garatzeko bide berriak zalantzen zituela. "Esate baterako, hizkuntza politikak sustatzeko eskumena aitortzen die udalei, kontratuetan hizkuntza irizpideak sartzeko aukera babestu edota barne mailako dokumentuak euskara hutsez egitea balezkotzat jo".

Halabaina, Vox alderdiak helegitea jarri zion aipatu legearen 6.2 artikuluari, zehazki euskararen erabilera arautzen duenari, Espainiako Konstituzioaren kontra egiten zuelakoan. Hala, EAEko Auzitegi Nagusiak artikuluaren inguruan zalantzak zituela-eta, Espainiako auzitegira jo zuen haren iritzia eskatuz eta hortik iritsi da sententzia. "Konstituzionalak udal legeaz egiten duen irakurketa bihurria eta gaiztoa da oso. Udalek euskaraz jarduteko auekra izateak gazteleraren gainetik jartzea dela ondorioztatzen duelako". 

Azaldu dute, "legearen muinak ez duela ondorio horretara iristeko bide juridikorik ematen, ordea. Garbi esaten baitu udalek euskara hutsez funtzionatzeko aukera dutela betiere udal ordezkari guztiak euskaldunak badira. Beraz, udal legeak ez du inoren hizkuntza eskubiderik urratzen".

Ohartarazi dute, "sententzia honek aurrekari ezin larriagoak ezar ditzakeela, euskararen sustapena eta normalizazio prozesua ez ezik, euskararen ofizialtasuna ere kolokan jartzen baititu, gure hizkuntzaren egoera eta euskaldunon hizkuntza eskubideak 40 urte atzera egiteko arriskua dakarrelako".

Horren aurrean komunitate gisa erantzuteko, astelehenean, uztailak 10 elkarretaratzea deitu dute, 19:30ean, Arrasateko plazan.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak