Arrasateko Bilgune Feminista: "Borrokan jarraituko dugu feminismoak sistema patriarkala suntsitu arte"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko uzt. 3a, 18:53

Iruñeko azken erailketa matxista salatzeko mugimendu feministak elkarretaratzeak deitu ditu gaur Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan, eta Oñatin bihar egingo dute. Arrasaten egin dute lehen protesta: "Euskal Herria sutan dago. Zortzi astetan, lau hilketa matxista. Nazkatuta gaude; borrokan jarraituko dugu feminismoak sistema patriarkala suntsitu arte".

Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiak erabaki du eraildako emakumearen bikoteari bermerik gabeko behin-behineko espetxealdi komunikatua ezartzea. Bi delitu egotzi dizkiote akusatuari: hilketa, generoaren larrigarriarekin, eta ohiko tratu txarren delitua.

Arrasateko Bilgune Feministak gogor salatu du azken erailketa matxista hau: "Euskal Herria sutan dago. Zortzi astetan, lau hilketa matxista. Euskal Herriko mugimendu feministatik kaleak hartu ditugu aurten gure herrian gertatu den laugarren hilketa matxista gogor salatzeko. Ermitagainako auzokideak Zhen zuen izena; gure samina eta elkartasuna adierazi nahi diegu bere lau haurrei, familiari eta lagunei". 

Horrez gain, adierazi dute "egiturazkoa" den arazoa ez dela etengo matxismoarekin amaitu arte: "Nazkatuta gaude! Gizartearen antolaketa patriarkalak uneoro indarkeria matxista gure artean egotea ahalbidetzen du, bai erakundeetan, bai kalean eta baita inguru hurbilenean ere. Sotilenetik odoltsuenera, emakumeok ehunka eraso mota jasaten ditugu gure egunerokoan. Feministok oso argi daukagu, arazoa egiturazkoa eta sistema heteropatriarkalaren ondorio denez, ez dela etengo gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte".

Amaitzeko, bizitza bizigarrietarako eskubidea herritar guztiei bermatu behar zaiela gaineratu dute: "Pertsona guztiok dugu bizitza bizigarriak bizitzeko eskubidea, jatorria, sexua edo gizarte-egoera edozein dela ere. Premiaz aldarrikatzen ditugu indarkeriarik gabeko bizitzak, bizitza duinak. Sistema hori irauli arte borrokan jarraituko dugu, feminismoak sistema patriarkala suntsitu arte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak