Iruñean izandako erailketa matxista arbuiatu du Bergarako Udalak eta biktimaren senitartekoei eta adiskideei elkartasun osoa adierazi nahi izan die. Martxanterak talde feministak elkarretaratzea deitu du gaurko –San Martin plazan, 19:00etan– eta Udalak bat egin du horrekin; gainera, herritarrak gonbidatu ditu mobilizazioan parte hartzera.
Arrasateko Neska Gaztiak eta Bilgune Feminista taldeek ere elkarretaratzea deitu dute Euskal Herrian aurten izandako laugarren erailketa matxista salatzeko. 18:00etan izango da, Herriko Plazan.
Aretxabaletako Udaletik ere irmoki gaitzetsi dute Iruñeko erailketa, eta haren senide eta hurbilenekoei babesa eta hurbiltasuna adierazi die. 2003tik hona 119 emakume eta 11 adingabe hil dituela indarkeria matxistak Euskal Herrian gogorarazi dute, eta adierazi ez dela ekintza bakan bat, arazo estruktural bat baizik. Hala, Mugimendu Feministak deituta, 19:30ean, Herriko Plazan egingo den elkarretaratzean parte hartuko dute.
Oñatin, martitzenean, uztailak 4, egingo dute elkarretaratzea, plazan, 19:00etan.