“Talde hau osatzen duten pertsonak oso gertukoak dira, horrek esan nahi duen guztiarekin; guztiengandik gertu egongo garelako, entzuten eta erabakiak hartzen.. Eta bestetik, pertsona zintzoak dira denak”. Horrelaxe hiz egin du eguenez geroztik Gipuzkoako diputatu nagusia den Eider Mendozak gaurtik foru gobernuan bidelagun izango dituen kideez. Eta horien artean egongo da Maria Ubarretxena Arrasateko alkate jeltzale ohia, Bide Azpiegituretarako diputatu moduan.
Gaur goizean Donostian egindako ekitaldian hartu dute kargua ofizialki Ubarretxeneak eta gaineratuko foru diputatuek, eta ahaldun nagusiak eskerrak ere eman dizkie: “Ez dago gauza nobleagorik, lan nobleagorik, herritarren alde egitea baino. Beraz, benetan esker ona gurekin batera talde hau osatu nahi izan duzuelako, eta konpromisoa hartu nahi izan duzuelako, garai hauetan bereziki”.
Mendozarekin berarekin batera, bederatzi kidez egongo da osatuta foru gobernua. Hamar lagun guztira: EAJko zazpi eta PSE-EEko hiru; zazpi emakumezko eta hiru gizonezko.
Kargua hartzeko ekitaldiaren ostean legegintzaldiko lehen Diputatuen Kontseilua egin dute. Hartutako lehen erabakietako bat izan da Aldundiaren oinarrizko egiturari buruzko dekretua onartzea.