Bide Azpiegituretako foru diputatua izango da Maria Ubarretxena

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko eka. 30a, 13:23

Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako foru diputatua, Arrasaten. Argazkia: Eneko Azurmendi.

Eider Mendoza (EAJ) atzo izendatu zuten Gipuzkoako ahaldun nagusi, eta jakinarazi du "gobernu talde berritu eta gaztetu bat" izango duela. Tartean da Arrasateko alkate ohia.

Hain justu, Maria Ubarretxenak (Urretxu, 1980), Aintzane Oiarbide bailara-kidearen lekukoa hartuko du, bera izan baita Bide Azpiegituretako diputatua azken legegintzaldian. Era horretan, Mendozak azpimarratu du "belaunaldi berri baten lekuko aldaketa" irudikatzen dela: "Emakumeak gobernu arduretan gero eta gehiago parte hartzen dugu, eta bide horrek ez du atzera bueltarik. Lantalde sendoa eratu ahal izan dugu. Esperientzia duten pertsonen, eta freskotasuna eta ilusioa ekarriko dizkiguten aurpegi berrien nahasketa hori oso positiboa izango da legealdi honi baldintzarik onenetan eta berme guztiekin aurrera egiteko".

Aurrera begirako lanak

Ubarretxenari dagokionez, Arrasateko alkatea izan da azken bi legegintzaldietan, baina aurrez beste eremu batzuetan lan eginikoa da. Humanitate eta Enpresa lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dute enpresen eta erakundeen esparruan "ibilbide luzea" eginikoa dela. Hala, aurrerantzean egin beharko duen lanaren berri eman dute: "Datozen lau urteetan errepide sare-moderno eta jasangarri bat finkatzeko lan egingo dugu, lurralde kohesioa bermatzeko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta digitalizazioa eta berrikuntza txertatzeko, azpiegitura adimenduetara jauzi kualitatiboa eginez".

Gainontzeko diputatuak

Foru gobernu berriak 9 diputatu izango ditu, ahaldun nagusiaz gain. Orotara, 7 emakumezko eta 3 gizonezko izango ditu eta 7 kide izango dira EAJkoak eta beste 3 PSE-EEkoak.

Honakoak dira, honenbestez, Gipuzkoako foru gobernu berria osatuko dutenak:

  • Eider Mendoza Larrañaga (Azpeitia, 1974), EAJ: Diputatu nagusia.
  • Jose Ignazio Asensio (Tolosa, 1966), PSE-EE: Iraunkortasuneko diputatua.
  • Maite Peña Lopez (Errenteria, 1975), EAJ: Gizarte Politiketako diputatua.
  • Ane Insausti Altuna (Donostia, 1984), EAJ: Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatua.
  • Azahara Dominguez Urtizberea (Irun, 1990), PSE-EE: Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua.
  • Maria Ubarretxena Cid (Urretxu, 1980), EAJ: Bide Azpiegituretako diputatua
  • Goizane Alvarez Irijoa (Donostia, 1977), PSE-EE: Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatua.
  • Xabier Arruti Olazabal (Beizama, 1968), EAJ: Lurralde Oreka Berdeko diputatua.
  • Irune Berasaluze Lazkano (Mendaro, 1968), EAJ: Gobernantzako diputatua.
  • Jokin Perona Lertxundi (Orio, 1978), EAJ: Ogasun eta Finantza diputatua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak