IGO AUTOBUSERA!

Maider Morras: "Jendea pozik eta energia onarekin ikusi dut, asko gozatzen"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 28a, 15:45

Maider Morras alkateak Arrasate Irratiko Igo autobusera saioan azaldu duenez, herritarrek aktiboki parte hartu dute programatutako jardueretan eta, era berean, eragile sozial eta kulturalen inplikazioari balioa eman dio. "Eragile horiek lan bikaina egin dute eta eskerrak eman nahi dizkiegu egindako lan guztiagatik", gaineratu du.

Alkatearen iritziz, herritarren parte-hartzea izan da jaietako alderdirik nabarmenetako bat. "Arrasatear askok herrian geratzea erabaki dute, eta hori ospakizunetan kaleen animazioan islatu da. Herritarrek, oro har, aktiboki parte hartu dute programatutako jarduera askotan, eta horrek agerian uzten du auzolanean udalerria hobetzen laguntzeko konpromisoa eta nahia", dio. Era berean, "oso modu positiboan" baloratu du eragile sozial eta kulturalen inplikazioa, "lan bikaina" egin baitute. Hori dela eta, eskerrak eman nahi izan dizkie guztiei.

Udal ordezkariek azpimarratu dute dute jaiek "bultzada berri bat" eman diotela herriko ostalaritzari, "pandemiaren ondorioz igaro zituzten garai zailak gaindituz". Gainera, egitarau zabala eta adin guztietara egokitua izan dela diote eta, horren ondorioz, herritar guztiek jaiez gozatu ahal izan dutela.  "Egun hauetan, bizitzaz beteriko Arrasate baten lekuko izan gara. Erronka, orain, bizitasun hori urte osoan zehar zabaltzea da, herriaren parte-hartze aktiboa eta etengabeko garapena sustatuz", azaldu du alkateak.

Parte-hartzaileak eta jendetsuak

Udal ordezkarien esanetan, "garrantzitsua" da azpimarratzea Arrasaten ekintza jendetsu ugari izan direla jaietan. "Nabarmentzekoak dira Errementari dantza, dragoi jana eta Chambaoren kontzertua, Zeuk eiñ, zeuk jan bazkaria, Eguzkilaru, Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna eta txosnetako kontzertuak. Gainera, arrakasta handia lortu duten eskala txikiagoko ekimen eta ekitaldi asko egin dira, hala nola, bertso saioa, Iago magoa, Goxua'n Salsa taldearen kontzertua, eskualdeko musika taldeen kontzertuak edota Trakamatraka ikuskizuna".

Gizon bati egindako erasoa

Hala ere, balorazio positiboa "lausotu" egin da ospakizun hauetan "zapore mingotsa" utzi duen "gertakari larri" baten ondorioz. "Tamalez, gizonezko batek erasoa jasan zuen larunbatean, ekainaren 24an, izandako liskarren ondorioz eta ospitalean egon behar izan du hainbat egunez". Udaleko talde politiko guztiek salatu dituzte gertakari horiek, eta Udalak berretsi egin du eragileekin eta herritarrekin batera lan egiteko konpromisoa, "indarkeriazko jarrerak prebenitzeko, gatazkak kudeatzeko eta bizikidetza eta herritarren kohesioa sustatzeko".

Esker mezuak ere bai

Alkateak eskerrak eman dizkie herritar eta bisitari guztiei, baita eragile sozial eta kulturalei ere, jai hauek antolatzen egindako lanagatik. Udal langileei ere zabaldu die esker mezua. "Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu bizikidetza baketsua sustatzeko eta indarkeria egoerak prebenitzeko, guztiontzako udalerri hobea eraikitzen jarraitzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak