Eragile berriendako ate guztiak zabalik dituztela azaldu du Gorka Etxabek, batzordeko kideak. "Baldintza bakarra izaten da urteko ziklo osoa errespetatzea, sanjuanetatik Maritxu Kajoira arte. Beraz, sartzea gura duenak, datorren urteko sanjuanetako antolakuntza hasi arte itxaron beharko luke".
Azaldu dutenez, "ilusioz" daude ekainaren 23a iristeko: "Azken txanpak gogorrenak eta estres gehien sortzen dutenak izaten dira antolakuntzari dagokionez, azken detaileak fintzeko unea izaten baita, baina jaiak heltzeko gogoz daude".
Asteburuan izanik, nahiko jai motzak egokitu zaizkie aurten. "Hala, espero dugu San Juan eguna indartsuagoa izatea, zapatua delako, eta saiatu gara egun horretarako eskaintza alternatiboago bat prestatzen, kontzertu eta alkohol kontsumotik haratago doana".
Erasoen aurkako protokolo bat ere egongo da, edozein motatako erasoren bat egon ezkero, martxan jarriko dutena. "Barran dagoen jendeak jakingo du nola aplikatu protokoloa eta, horrez gain, telefono zenbaki bat ere egongo da erabilgarri egunero, 24 orduetan, eta hainbat tokitan ikusgai egongo da zenbaki hori".