Elkarretaratzea egin dute Arrasaten, "euskararen aurkako oldarraldia" salatzeko

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mai. 11a, 10:41

Euskaldunen Hizkuntza eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zen atzo arratsaldean Arrasateko Herriko plazan. Kontseiluak atzo goizean Bilbon kaleratutako maiatzaren 10eko adierazpenera batu ziren Arrasaten, euskararen alde egiten duten norbanako eta eragile ezberdinak. Azkenaldian eman diren hizkuntza urraketak aipatu zituzten, eta gonbita luzatu zieten euskaltzale guztiei azaroaren 4ean Bilbon egingo den manifestaziora batzeko.

Euskaldunen Hizkuntza eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zen atzo arratsaldean Arrasateko Herriko plazan. Kontseiluak atzo goizean Bilbon kaleratutako maiatzaren 10eko adierazpenera batu ziren Arrasaten, euskararen alde egiten duten norbanako eta eragile ezberdinak. Haien esanetan, kezkaz bizi dute behin eta berriz euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta.

Epaitik epaira kezka hori larritzen ari dela salatu zuten Herriko plazan, eta gainera garbi utzi zuten gero eta argiago gelditzen ari dela oldarraldi judizial baten aurrean gaudela. Euskaldunen hizkuntza eskubideen alde egiteko Arrasateko protokoloaren parte den Aitor Juaristik hartu zuen hitza: "Gaurkoan elkartu gara, historikoki, euskarak izan dituen eraso guztien artean, azkenaldian epaitegietatik sufritzen eta jasatzen ari garen erasoei aurre egiteko eta erakusteko hemen gaudela erasoei aurre egiteko". 

Atzo goizean Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak Bilbon irakurritako maiatzaren 10eko adierazpena irakurri zuten Arrasateko Herriko Plazan. Honela irakurritako manifestuan, azken hilabeteetan epaitegietatik plazaratutako ebazpen batzuen berri eman zuten: "Ikusten ari gara nola Erandion, Barakaldon, Irunen edo Laudion, epai ezberdinak ateratzen ari diren euskaldunon hizkuntza eskubideak urratuz". 

Azaroaren 4ean, Bilbora

Bestalde, azaldu zuten Euskal Herri osoan indartzen ari den joera bat dela, baina baita mugez harago ere. Ondorioz, azaroaren 4an Bilbon egingo den mobilizazio nazionalera batuko direla iragarri zuten Arrasaten euskaldunon hizkuntza eskubideen alde ari diren eragileek: "Azaroaren 4ean Bilbon egingo den mobilizazio nazionalera batuko gara, oso garrantzitsua iruditzen zaigulako indar masiboa erakustea eta erabaki da azaroak 4 izatea euskaldunon hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko eguna". 

Bukatzeko, orain dela bi aste euskaldunen hizkuntza eskubideen alde egiteko Arrasateko protokoloa aurkeztu zuten, eta elkarretaratzea aprobetxatu zuten protokoloaren funtsa gogoratzeko: "Norbaitek noizbait bizitzen badu, edo ikusten badu euskaldun baten hizkuntza eskubideak urratu direla, aukera du gurekin kontaktuan jartzeko hizkuntzaeskubideenprotokoloa@gmail.com bitartez, eta bertan hasiko ginen lanean eraso horri aurre egiteko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak