Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri du agiria, hala nola abokatuak eta juristak, kazetariak, akademikoak, euskalgintzako kideak eta sindikatuetako ordezkariak alboan zituela, eta adierazi du "kezkaz" bizi dituztela auzitegietatik jasotako sententziak. "Gero eta argiago geratzen ari da kasuan kasuko ebazpenetatik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa".
Epaitegietatik plazaratutako ebazpen batzuen berri eman dute, eta esaterako, aipatu dute Bilboko auzitegi batek apirilaren 18an ebatzi zuela Erandion (Bizkaia) lanean ari den udaltzain bati ezin ziotela euskarazko B2 maila eskatu. Horrez gain, ordea, gogorarazi dute aurretik antzeko erabakiak ere plazaratu zituztela Barakaldoko (Bizkaia) eta Irungo (Gipuzkoa) udaltzainen hizkuntza eskakizunen inguruan; eta baita Laudioko Udaleko (Araba) funtzionario baten kasuan ere.
Halaber, nabarmendu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lau biztanletik hiruk uste dutela euskaraz jakin behar dela administrazioan lan egin ahal izateko.
Joera "indartzen"
Bilbon elkartutako norbanakoek zein erakundeek kezkaz begiratzen diote egoerari, eta uste dute Euskal Herri osoan indartzen ari den joera bat dela, baina baita mugez harago ere. "Euskal Herritik harago, Espainiako eta Frantziako estatuetako beste hizkuntza gutxituen eremuetan ere gertatzen ari da". Beraz, aldarrikatu dute "mobilizazio soziala" ezinbestekoa dela, eta gizarte eragileei "desadostasuna" kalean erakustea dagokiela. "Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta eragiteko. Oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan".
Hala, euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile eta norbanakoei dei egin diete azaroaren 4an Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzera, adierazi baitute "larria" dela gertatzen ari dena. "Euskararen biziberritze prozesuez harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza".