Avanza enpresarekin kontratua etengo du Arrasateko Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 4a, 11:21

Atzo, eguaztena, su hartu zuen herribus batek eta gaur goizean prentsa agerraldi bat egin du Udal Gobernuak, Zigor Andino udaltzainburuarekin eta Moises Altuna teknikariarekin batera. "Avanzarekin kontratua etetea da asmoa, kontratuan jasotakoa ez betetzeagatik, baina juridikoki aztertzen ari gara guztia", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak. 

Atzo gertatutako "oso larria" izan zen, Maria Ubarretxena alkatearen esanetan. Hori dela eta, Udal Gobernua "urgentziaz" bildu da gaur kontratazio teknikariekin eta zerbitzu juridikoekin. "Avanza ez da ari zerbitzu ona eskaintzen. Dagoeneko zortzi espediente ditugu irekita, isunekin, eta atzo gertatutakoa ezin da onartu. Oraindik aztertzen ari gara, baina saiatuko gara kontratua eteten, kontratuan jasotakoa ez betetzeagatik", adierazi du.

Prozedura juridikoa "ondo" aztertzen ari direla gaineratu du, "Avanzak Udala epaitegietara eramateko aukera hor dagoelako". Hori dela eta, erabakia ondo justifikatuta egon beharko dela azpimarratu du. Halaber, 157.567 euroko bermea konfiskatzen eta saiatuko direla ere nabarmendu du, eta kalte-ordainak eskatuko dituztela.

Lehiaketa publikoan bigarren gelditu zen Cuadrabus enpresarekin harremanetan jarri da Gobernua dagoeneko. "Beste lizitazio bat egin bitartean, herritarrak ezin ditugu zerbitzu barik utzi eta aukera ikusten dugu lehiaketan bigarren gelditu zen enpresak, Cuadrabusek, zerbitzua ematea tarte horretan. Haiekin hitz egin dugu eta prest daude adostasun batera iristeko". Bihar bilduko dira bi aldeak. 

Ez zen inor zauritu

Azaldu dutenez, "oraindik goiz" da atzo zer gertatu zen jakiteko. Hala ere, "zorionez", ez zen inor zauritu. 15 bat pertsona zihoazen atzo herribusean eta gidariari esker, atzeko atetik atera ahal izan ziren bidaiariak. Sua itzaltzeko, Udaltzaingoa, suhiltzaileak eta beharrezko larrialdi zerbitzuak joan ziren. Gauean eta goizean zehar garbiketa zerbitzua bertan egon da lanean lekua atontzen, eta asfaltoa oso kaltetua ez badago ere, udal langileek konponketa lanak egingo dituzte. Maria Ubarretxena alkateak eskerrak eman dizkie guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak