Leibar-Lezetxiki eremuan izandako kalteekin "kezkatuta" agertu da Arrasateko Udal Gobernua

Mirari Altube Arrese 2023ko ots. 2a, 18:00

Lezetxikiren Lagunak taldeak atzo zabaldutako irudiak eta informazioa aztertzeko bilera egin du gaur, eguena, goizean Udal Gobernuak hainbat teknikarirekin, eragilerekin eta Alvaro Arrizabalaga arkeologoarekin. "Kezkatuta" dago gertatutakoarekin eta AHTren eraikuntzaren ardura duen Adif erakundeari hainbat eskaera egiteko asmoa agertu du. Gaur arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologo talde bat zela bertaratzekoa eremua aztertzera ere adierazi du.

Udaletxean egindako bileran elkartu dira Maria Ubarretxena alkatea, Udaleko Hirigintza, Ingurumena eta Kultura sailetako ordezkariak, Besaide Mendizale Elkarteko eta Arrasate Zientzia Elkarteko kideak eta Lezetxikiko aztarnategian aditua den Alvaro Arrizabalaga arkeologoa.

Bilera horren bukaeran Udal Gobernuak aditzera eman du prentsa-ohar bidez babes arkeologikoa duen mendi gisa dagoela izendatuta Udal Planeamenduan Lezetxiki-Leibar eremua, eta horregatik, irudiek erakutsitako kalteak eta ondorioak ikusita "asaldura eta ardura" sortu duela Udal Gobernuarengan. Era berean, gaineratu du ez duela kalterik jasan Lezetxikiko aztarnategiak, Babes Bereziko Kultur Ondare izendatuta dagoenak.

Adif erakundeari hainbat eskaera

AHTren tunel batetik oso gertu, Lezetxiki-Leibar karstaren eremu batean gertatu da lur-jausia Udaletik adierazi dutenez: "Ezagutzen diren planimetrietan Lezetxiki-Leibar karsta eta AHTren tunela urrun egon beharko lirateke, eta ez, alboan, komunikabideetan agertzen diren argazkietan bezala. Hau horrela, funtsezkoa da eremuaren planimetria zehatza izatea". Gaineratu du oinarrizkoa dela jakitea lur-jausia gertatu den eremuan kontrol arkeologikorik egin den edo ez: "Sedimentu arkeologikoak baleude, potentzialitate arkeologikoa izango lukeelako eremuak".

Horregatik, abiadura handiko trenbidearen eraikuntzaren ardura duen Adif erakundeari –Espainiako  Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa– eskatuko dio obren inguruko informazio eguneratua helaraztea. Udal Gobernuaren eskaera honako hau izango da:

  • 1- Eremuko peritaje patrimoniala egin den edo ez, zein den eta egin bada txosten arkeologiko horren kopia bat.
  • 2- Eremuaren planimetria zehatza eta AHTaren obren plano eguneratuak.
  • 3- Zein izan den kalteen kausa eta nori egotzi dakizkiokeen.
  • 4- Zein neurri hartuko diren gertatutakoaren aurrean.

Lezetxiki babesten jarraitu

Gainontzeko erakundeekin harremanetan daude eta adierazi dutenez gaur, eguena, arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologo talde bat bertaratuko da eremua aztertzera.

Lezetxiki "babesten" jarraituko duela berretsi du, eta ildo horretatik gogorarazi du Udal Gobernuak eskatuta onartu zuela Eusko Jaurlaritzak 2022ko ekainean, aztarnategi arkeologikoa eta bere ingurua Babes Bereziko Kultura Ondasun deklaratzen duen dekretua onartu zuela, Gune Arkeologiko kategoriarekin. Gaia "gertutik jarraitzeko konpromisoa" ere hartu du, "eragile zein erakundeekin elkarlanean". Hala, gaurko bilerari jarraipena emango diote otsailaren erdialdean, jasotako informazioa partekatzeko eta hurrengo pausoak zehazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak