Lezetxikiren lagunek "AHTko lanen enegarren triskantza" salatu dute

Hasier Larrea 2023ko ots. 1a, 09:37

Arrasateko eta inguruko espeleologia-zaleek osatzen dute kolektiboa, eta duela bi urte konturatu ziren Lezetxiki kobazulo barruko ohiko bide bat etenda zegoela. Ikertzen ibili eta gero, metalezko sarez eta xaflez osatutako hormaraino iritsi ziren: "Abiadura Handiko Trenaren tunelaren kanpo estaldura zela egiaztatu genuen".

Lezetxiki barreneko galerietarako bidea harri handiekin guztiz estalita aurkitu zutenean sortu zitzaizkien susmoak, "berriki eroritakoak baitziren; garai hartan, AHTko obrak zirela eta, ia egunero izaten ziren leherketak, beraz, horiek sortutako dardarek eragindako lur-jausia izan zitekeela pentsatu genuen".

Aurtengo urtarrilean sakonago aztertzeari ekin zioten, "aipatutako barreneko galeria horietara iristeko beste bide bat bazegoela jakin baikenuen". Joan den astean egin zuten aurreneko saiakera: "Etendako bidearen eta gainerako bideen gainekaldetik igarotzen da guretzako ezezaguna zen pasabidea. Amaieran, 15 bat metroko jauzia du, azpitik datorren ohiko bidearekin batzen dena".

Jauzira iristea lortu zuten azkenean. Ingurua argiztatu eta ikusten zutena sinistu ezinik geratu ziren: "Zer zen hura! Izugarrizko kareharri eta lur-jausia, azpiko galeria guztiz estaltzen zuena. Harri-askatzearen jatorriari erreparatu genionean ikusi genuen astakeriarik beldurgarriena. Goraxeago, 40 bat metro aurrerago, askatzearen sorburuan metalezko sarez eta xaflez osatutako horma antzeman genuen. Hobeto aztertu ondoren, Abiadura Handiko Trenaren
tunelaren kanpo estaldura zela egiaztatu genuen. Bai, jaun-andreok, AHTren tunela Lezetxiki barruan egin dute, haitzuloa zulatuta", azaldu dute Lezetxikiko lagunek.

"Izugarrikeria egin dute"

Ezin izan zuten tuneleraino iritsi orduan, baina beste saiakera bat egin zuten urtarrilaren 28an, segurtasuna bermatzeko material egokiagoa erabilita: "Egindako izugarrikeriari argazkiak atera eta kanpora irten ginen, guztiz atsekabetuta. Kalte horiek guk ikusi ahal izan ditugunak baino ez dira. Ez dugu zalantzarik kaltea handiagoa izango dela, agerian ez badago ere. Jakinekoa baita AHTko obrek kalte handiak eragin dituztela gure bailaran: iturburuak agortu, errekak lohitu eta kutsatu edota lur-jausien ondorioz errepideak hondatu".

Aurkikuntza horren ostean, espeleologia-zaleek "Abiadura Handiko Trenaren lanek gure herrian egindako enegarren triskantza irmoki salatu" gura izan dute: "Lezetxiki modu horretan suntsitzea 0nartezina da, Arrasateko eta Euskal Herriko ondare arkeologiko garrantzitsua eta guretzako kobazulorik kuttunena baita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak