Lezetxikin dagoen Leibarreko kobazuloan kalteak, "AHTko obren eraginez"

Xabier Urtzelai 2023ko urt. 29a, 16:35

Leibarreko kobazuloan ustez Abiadura Handiko Treneko lanek eragina izan dutela salatu dute bideo honetan. Arrasatear batek grabatutako irudiak dira. "Joan den zapatuan grabatu genituen irudiok, eta bai, berretsi dezakegu bertan ikusten dena AHTko obrek sortutakoa dela", adierazi diote bideoaren egileek GOIENAri.

Asteburuan sare sozialetan zabaldu den bideoaren egilearekin jarri da harremanetan GOIENA. Bertan, ustez AHTko obren ondorioz Lezetxikiko Leibarreko kobaren barrualdean izan diren kalteak ikusten dira. "Joan den zapatuan grabatu genuen bideo hori, eta bai, berretsi genezakeena da AHTko obrek sortutako kalteak daudela bertan. Kobazuloaren barnealdean hartutako irudiak dira horiek, Ikurrina dagoen galeria baino barrurago", adierazi diote GOIENAri 

Leibar, balio arkeologiko handia duen kobazuloa

Hain zuzen, Leibarreko kobazuloan aurkitu zuten, duela mende erdi pasatxo, Atapuercako aztarnen ondoren penintsulan aurkitu den giza aztarna zaharrenetako bat, 164.000 urte inguru zituen 30-35 urte bitarteko emakumezko baten besahezurra. Jose Migel Barandiaranek eta bere lantaldeak egin zuen aurkikuntza hori. 60ko hamarkadan iritsi zen Barandiaran Lezetxiki inguruetara, inguruak aztertzeko asmoarekin. Eta, Barandiaranek eta haren aginduetara zeuden langileek 1964an egin zuten Euskal Herriko arlo horretako aurkikuntza nabarmenetako bat, lehen aipatutako emakumezko baten besahezurra. Eta, hain zuzen, lan horietan laguntzaile moduan ibiltzen zen Gesalibarko Felipe Leibarren urtebetze eguna zenez, ordutik kobazulo hori Leibarko kobazulo moduan da ezaguna.

Hala, urte askoan zehar, Alvaro Arrizabalaga arkeologoa buru, EHUko ikasleek indusketa lanak egin izan dituzte Lezetxikin bertan, eta herritarrendako bisita gidatuak, eta erakusketak ere egin izan dira, bertako aurkikuntzak erakusteko.  

Lezetxiki, babestutako ondare kulturala

Bada, Eusko Jaurlaritzak iazko ekainean eman zien, Lezetxikiri eta inguruei, babestutako ondare kulturalaren izendapena: "Eremu horietan baimenduko diren erabilerak zientifikoak eta kontserbazioaren arlokoak izango dira, bai eta ondasunari balioa ematearen ingurukoak ere, baina, azken kasu horretan, soilik zabalkundeari dagokionez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak