Datazioa zehazteko frogak Australian egin dituzte, uranio serieak erabilita. Alvaro Arrizabalagak, Lezetxikiko indusketen arduradunak, ordea, ikuspegi kritikoz begiratzen dio iragarpen berriari.
Nola hartu duzu albistea?
Harriduraz. Egin dutena guretzako tabua da, saiatzen garelako giza hezur fosilak, batez ere antzinatasun handikoak, inoiz ez puskatzen datazio zuzenak egiteko. Gainera, benetan datua ez dakigu, aurreratu zaiguna baizik. Arkeologian, eta zientzian orokorrean, datuak ez dira datuak aldizkari zientifiko batean argitaratzen diren arte. Izan ere, hor iritzi elkartruke bat egoten da, eta ikuskatzaile batzuk daude, proposatzen den edukia berrikusten dutenak. Azkenean, zuzenketa guztiak sartuta, datua kaleratzen denean, benetako informazio izatera pasatzen da.
Egoki ikusten ez duzuna, beraz, datazio hori egiteko erabilitako metodologia da, ezta?
Hori da. Badira gauza batzuk duela 50 urte egiten zirenak, baina egun inork egiten ez dituenak. Datazioak egiterakoan, beti saihestu behar da datazio zuzenak egitearen ideia, horrek kalte zuzena dakar-eta hezur fosilaren edukian, eta, gainera, ez dago atzera egiterik. Badaude beste metodo batzuk, zeharkako metodoak, egokiagoak direnak. Gure indusketen ondorioz, badaramatzagu gutxienez bost urte datazio oso antzerakoa proposatzen humeroaren testuingururako, baina hezurra inoiz ukitu gabe.
Zein da kasu honetan jarraitu den metodologia?
Uranio-torioaren analisia egin dute, uranioaren eta torioaren desintegrazio prozesua erabiltzen duen test isotopiko bat. Uranioaren eta torioaren kopurua neurtu eta alderatuz kalkulatzen da hezur fosilaren adina. Metodologia arrunta da, eta guk ere erabili izan dugu, baina, gehienez ere, animalien hortzekin, inoiz ez giza fosilekin, eta are gutxiago fosil bakarra izanda. Atapuercan, Hezurren Leizean delakoan, milaka dituzte eta badaramatzate 20 urte benetako datazioari buruz eztabaidan. Kontua da aipatutako tabu hori ez dutela puskatu nahi izan. Kostra estalagmitikoak eta animalien hezurrak datatzen ari dira, baina ez giza hezur fosilak.
Izan ere, kasu honetan, fosilari fisikoki zuzenean eragin diote.
Bai, zati bat moztu diote hezurrari eta horrek ez dauka atzera bueltarik. Gainera, uste dut ez daukala zentzu handirik. Noski, bizkorrena metodo hori erabiltzea da. Denoi pasa izan zaigu burutik halako gauzak egitea, baina, une berean, zure buruari esaten diozu ez dagoela halakorik egiterik.
Zergatik diozu ez dela aproposa?
Ez da batere egokia, ez nik eta ez edonork gure munduan dabilena. Esan dudan moduan, hori tabua da gure munduan, beti daude beste metodo batzuk, eta beste metodorik geratuko ez balitz, utzi behar diozu fosil hori hurrengo belaunaldiari, hurrengo belaunaldian egin dezaten datazioa. Azken aukera hori zenbat eta geroago erabili, sortutako txikizioa orduan eta txikiagoa izango da, neurketa sistemak hobeak eta erresoluzio handiagokoak izango direnez, erabili beharreko laginak txikiagoak izango direlako. Egia da orain dela 45 urte beste koska bat ere egin zitzaiola Lezetxikiko humeroari, eta, agian, garai hartan, testuinguru horretan, gauzak horrela egiten ziren, baina gaur egun, ez.
Diozunez, aurrez antzeko ondorioetara iritsita zaudete zuek; nola?
1999an hasi genituen indusketak Lezetxiki alboan dagoen Lezetxiki 2 izeneko beste kobazulo txikiago batean. Gure ustez, bigarren kobazulo hori da humeroaren benetako testuingurua. Hortaz, hezur fosilaren datazioa ez litzateke Lezetxikiko sekuentziatik ondorioztatuko, proposatzen den moduan, baizik eta Lezetxiki 2tik. Bertan, Lezetxikin ez bezala, hondoraino iritsi gara indusketetan eta, gutxi gorabehera, humeroa agertu zen tokitik metro erdira gelditu gara. Hor agertu zaigun faunaren arabera, beti proposatu izan dugu humeroa izango zela seigarren estadio isotopiko amaierako fase batekoa. Topatutako faunaren artean, adibidez, urkiaren sagutxoa dago, klimatologia oso hotzeko garaietan agertzen den sagutxo oso txikia. Hori 2012an oso aldizkari ospetsu batean kaleratu genuen, esanez hura zela humeroaren testuingurua, eta gutxi gorabehera 150.000 180.000 urte bitarte izango zituela. Gainera, ez zen lehen aldia proposatzen genuena. Gainera, datazio bera lortu izan dugu beste metodo batzuk erabiliz; adibidez, aminoazidoen errazemizazioarekin.
Era batera edo bestera, hezur fosila Europako aztarna zaharrenen artean dela diote.
Datu hori ez da zuzena. Europan badaude, Alemanian, Grezian eta Frantzian, besteak beste, hori baino zaharragoak diren fosilak, eta fosilik gabeko testuinguruak, oraindik gehiago.
Uste duzu Lezetxikin aurkituko direla hezur gehiago aurrerantzean?
Baliteke. Izan ere, orain ari gara testuinguru bereko geruzan lanean. Edozelan ere, aurkitzen badira, espero dut gauzak beste era batera egitea. Guk saioak egingo ditugu, behintzat, hezur fosila beste era batera datatzeko.