Garagartza auzoko kobazuloan aurkitu zuen Jose Miguel Barandiaranek 1964an pleistozenoko garaiko humero hezur bat, Euskal Herrian aurkitutako giza aztarnarik zaharrena. Hezur horren erreplika da, besteak beste, erakusketa interesgarri egiten duten osagaietako bat. Egitasmoa joan den barikuan inauguratu zuten eta apirilaren 9a arte egongo da bisitagai.
Arrasateko Udalarekin batera Aranzadi, IkerBasque, Euskal Herriko Unibertsitatea, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Gordailua eta Arrasate Zientzia Elkartea aritu dira galeriari forma emateko elkarlanean. Zientzia Elkarteko Jose Angel Barrutiabengoa eta Javier Bengoari eman dizkie eskerrak, bereziki, Foru Aldundiko kultura zuzendariak.
Lezetxikin 21 urtean egin dituzte indusketak 500 ikertzailek baino gehiagok. Duela hilabete batzuk, gainera, aztarnategiaren behin betiko babes juridikoa lortu zuten. Jose Miguel Barandiaranek burututako indusketa guztiak azaltzen diren liburuxka ere argitaratu dute aurten. Arkeologoendako urte positiboa izan dena erakusketarekin borobiltzea pozgarria dela aipatu dute antolatzaileek.
Milaka urte atzera egin arren, bisitariak gaurkotasun handiko gaiekin egingo du topo: klima aldaketa larrien ondorioekin edota migrazioarekin, besteak beste. Izan ere, neandertala bizirauteko gaitasun handia erakutsi zuen espeziea izan zen, eta frogatuta dago rol berdintsuz banatutako giza-talde txikiak osatuta egiten ziola aurre egunerokoari.