Lezetxikiko aztarnategi arkeologikoan kalterik sortu ez dela adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Hasier Larrea 2023ko ots. 1a, 17:40

AHTko tunelaren kanpo estaldura, Lezetxikiko barrunbe sisteman.

Lezetxiki-Leibar barrunbe-sistemak hainbat kilometrotako galeriak dituela azaldu du Aldundiko Kultura Sailak, ertzetako bati "aspaldi" eragin ziotela AHTko tunel baten obrek, eta tunel horren exekuzioa "bat etorri" zela bere garaian onartutako obra-proiektuarekin. Aztarnategi arkeologikoa, ordea, "puntu horretatik urrun" dagoela esan dute, "justu kontrako muturrean, eta ez du salatutako lanen eraginik izan".

Eusko Jaurlaritzak Arrasateko Lezetxikiko aztarnategi arkeologikoa Babes Bereziko Ondasun izendatu zuen 2022ko ekainaren 28an. Eremu babestua Lezetxikiko kobazuloetan eta haren azpiko galerietan –Leibar eta Lezetxiki II– dauden interes arkeologiko eta palentologikoko aztarnategiek eta Lezetxikiko Harpeako babeslekuak osatzen dute. Aldundiaren arabera, AHTko lanek ez dituzte aipatutako zonalde horiek kaltetu.

Arantza Otaduy historialari arrasatearrak ere sistema karstikoa eta aztarnategia desberdintzeko azalpenak eman ditu sare sozialetan. Otaduyk bisita ugari gidatu ditu Lezetxiki inguruan, bertako ondare historikoa dibulgatzeko. Nabarmendu du Udalaitz zeharkatzen duen AHTko tunelak kaltetutako eremuaren balio geologiko, arkeologiko eta paleontologikoa zein den jakin beharko dela orain.

Arantza Otaduik sare sozialetan partekatu duen planoa: azaldu duenez, goiko gezietan eragin ditu kalteak tunelak, eta aztarnategia beste aldean dago.

Bilkura bihar, Udalak deituta

Arrasateko Udalak gaia lantzeko bilera deitu du bihar goizerako. Bertan izango da, besteak beste, Alvaro Arrizabalaga, 1996tik gaur egun arte aztarnategiko indusketak gidatu dituen arkeologo eta EHUko irakaslea. Aldundiko teknikariek Lezetxiki barruan gertatu denari buruzko informazioa partekatuko dute bileran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak