Emakume Txokoak 2023ko plangintza aurkeztu du

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko urt. 24a, 15:56

Arrasateko Emakume Txokoak otsailetik ekainera eskaintza zabala antolatu du berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen alde lan egiteko. Hamar ikastaro, bost tailer eta beste hainbeste ekintza berezi antolatu dituzte. Ikastaroetan izena emateko epea urtarrilaren 30etik otsailaren 3ra egongo da zabalik.

Jabetze Eskolaren baitan, hamar ikastaro, bost tailer eta beste hainbat ekintza antolatu ditu Emakume Txokoak otsailetik ekainera bitartean. Hala, egitarau zabala antolatu dute, "herritarrak berdintasunera eta feminismora hurbildu guran, indarkeria matxistari aurre egiteko eta hausnarketa feminista kolektiboa bideratzeko", Udal Gobernuaren esanetan. Horrekin batera, emakumeen ahalduntze pertsonalean eta kolektiboan eragiteko, formazio eta topaketa guneak eskaintzen jarraituko du Emakume Txokoak.

Jabetze Eskolako ikastaroez eta tailerrez gain, bestelako ekimenak antolatu ditu Emakume Txokoak, herritar guztientzat: hitzaldi solasaldiak, ikuskizunak eta zine emanaldiak. Horrekin batera, irakurketa feminista guneak "lau saio interesgarri" antolatu ditu eta emakume migratuen gunean, tituluen homologaziorako aholkularitza saio bat ere izango da.

Martxoaren 8a tartean izanik, egun horren inguruko ekimen bereziak ere izango dute presentzia: Martxoaren 8ko kartel lehiaketa eta erakusketa, emakume artisauen azoka eta gainontzeko sentsibilizazio ekimenak.

Askotariko lan-ildoak

Tailer eta ikastaroek askotariko lan-ildoak izango dituzte. Alde batetik, sormen artistikoa landuko dute, argazki, antzerki, musika eta kantu ikastaroarekin, besteak beste. "Kultura adierazpen ezberdinei erreparatu nahi diegulako ikuspegi feministatik eta Sorkuntza eraldaketarako tresna izan daitekeelako", diote.

Bestalde, gorputzaren eta osasunaren zaintzan sakonduko dute, hainbat ekintzaren bidez: dantza ikastaroa, Naizen gorputza maite dut, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, Chi Kung eta abar. Nabarmendu dutenez, gorputzaren gainean bizigarriak ez diren eta heteropatriarkatuaren mandatuei erantzuten dieten ereduei aurre egiteko tresnak izateko, gorputzaren kontzientzia eta maitasuna eta ongizatea landuko dute. "Ildo beretik, balioko digu genero rolak eta estereotipoak sortzen dizkiguten presioak eta eragiten dizkiguten ondoezak aztertzeko eta lantzeko. Emakumeon autonomia eta autoestimua lantzeko".

Horrekin batera, parte hartzerako hainbat tresna ere eskuratuko dituzte, jende aurrean nola hitz egin ikasiz, parkour taillerraren bitartez edo noka tertuliekin. "Hainbat eremutan parte hartzeko ditugun oztopoei aurre egiteko tresnak eskuratuko ditugu".

Azkenik, eztabaida feministak ere edukiko dituzte, hainbat gai erdigunean jarrita: feminismoa eta hizkuntzaren erabilera, zahartzaroaren eta zaintza ereduen hausnarketa edota sexu eta genero aniztasuna. "Feminismotik garatutako ideia, hausnarketa eta eztabaidei, lekua eman eta konfiantzako giro batean eta hainbat adituen lanaren eskutik, gai ezberdinen inguruko ezagutzan sakontzeko balioko digu".

Egitarau orokorrean ere, hainbat ekintza

Bestalde, egitarau orokorraren baitan ere, askotariko ekintzak izango dira.

Batetik, Martxoaren 8ko kartel lehiaketa martxan dago, eta otsailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira lanak.

Bestetik, otsailaren 23an, June Baonza Pagaldaik, Ama Ta Asunak proiektua aurkeztuko du Kulturaten. Modu horretan, sei bizi esperientzia, sei hautu, sei elkarrizketa, sei obra grafiko, bideo bat eta instalazio bat biltzen dituen lanaren berri emango du.

Martxoaren 6tik 17ra, Martxoaren 8ko kartelen erakusketa izango da ikusgai, Emakume Txokoan.

Martxoaren 8ko testuinguruan, bertso-klown saioa izango da Kulturaten, martxoaren 10ean, Beatriz Egizabal, Miren Artetxe, Oihana Bartra eta Ane Labakarekin.

Azkenik, martxoaren 23an, Nuestra libertad dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia egongo da. Teodora Vasquezek, dokumentalaren protagonistetako batek, El Salvadorren bizi duten abortuaren kriminalizazioaz hitz egingo du, eta kondenatuak izan diren emakumeen esperientziaren berri emango digu.

Etxeetan banatuko dute liburuxka

Informazio osoa etxeetan banatu duten liburuxkak jasotzen du eta Emakume Txokoak ere ekintza guztien berri emango du sare sozialetan.

Bestalde, gogorarazi dute Emakume Txokoaren arreta eta informazio zerbitzuak martxan direla ohiko ordutegian. "Zerbitzu horietako bat Doako Aholkularitza Juridikoa da. Aurreko hiruhilekoan zerbitzua indartu eta osatu ondoren arreta eskaintzen da, hilean behin, astelehenetan, Emakume Txokoan. Arreta juridikoa jasotzeko hitzordua eskatu behar da aldez aurretik", nabarmendu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak