Martxoaren 8ko kartel lehiaketan izena eman daiteke dagoeneko

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urt. 18a, 10:01
June Baonza Pagaldaik egin zuen iazko kartel irabazlea.

Arrasateko Udaleko Berdintasun sailak Martxoak 8ko XXVI. Kartel Lehiaketa antolatu du. Aurtengo edizioko leloa honako hau da: Martxoak 8: elkartu, saretu eta eraldatu!. Lanak aurkezteko epea otsailaren 15a izango da, eguaztena, eta Arrasateko BAZen egin beharko da hori. Irabazleak 550 euroko saria jasoko du.

Hogeita seigarren edizioa du aurten kartel lehiaketak eta, beste urte batez, jarraitu gura dute Martxoaren 8a aldarrikapenerako eguna dela adierazten. "Antolatzen eta saretzen jarraitzeko eta jendartea eraldatzeko ahaleginari ekiteko; lortutako eskubideetan atzera pausorik izan ez dadin, eta jendarte parekidea eraiki dezagun, denon artean, feminismotik. Izan ere, feminismotik emakumeok mundua mugitzen dugu eta feminismotik lan egiten jarraituko dugu" adierazi du Johanna Sanchez Berdintasun zinegotziak.

Era berean, nabarmendu du lehiaketa egonkortuta dagoela herrian, azken urteetan urtero egin izan baitute. "Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiegu orain arteko edizioetan parte hartu dutenei", nabarmendu du. "Hasieratik, lehiaketa honen helburua izan da sormenetik eragitea eta Martxoaren 8aren inguruko ekimenak iragartzea, eta erabili ohi dugu herritarrak gonbidatzeko bertan parte hartzera. Artea eraldaketarako tresna ere badelako, jendea animatu nahi dugu aurtengo lehiaketan parte hartzera".

Oinarri guztiak, eskuragarri

Lehiaketaren oinarriak hemen kontsultatu daitezke. Halaber, zalantzak argitzeko, idatzi emakumetxokoa@arrasate.eus helbide elektronikora edota deitu honako telefono zenbaki hauetara: 943 79 41 39 / 618 20 62 33 (Emakume Txokoa) eta 943 25 20 00 (BAZ).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak