288.000 euroko kostua izan du ur-hornidurako matxura konpontzeak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urt. 18a, 16:52

Udal Gobernuak prentsa agerraldia egin du, izandako gastuen berri emateko. Era berean, Victoriano Fuentes zinegotziak adierazi du hodi nagusiaren "bikia" eraikitzeko lanetan ari direla, halako matxuren aurrean, herri osoko ur-hornidura bermatuta gera dadin.

Joan den irailaren 26an, Arrasateko ur-hornidurako sisteman matxura bat atzeman zuen Udalak. Konpondu ahal izateko, ingurabide bat egin zuten eta ura eramateko sistemaren behin betiko konponketa-lanak 2022ko azaro hasieran amaitu zituzten.

Gaurko agerraldian, prozesu osoak izan duen kostuaren berri eman dute Victoriano Fuentesek eta Luis Mari Illarramendik, OZMA saileko batzordeburuak eta mantentze saileko teknikari buruak. Hala, 288.177,74 euroko kostua izan du ura hornitzeko sarearen konponketak eta ingurabidea eraikitzeak. Honako hauek dira egindako jarduketak eta horien kostua:

  • Ur-ihesaren kokapena eta lehen diagnostikoa + obra zibila by-pass: 15.867,94 €. Enpresa arduraduna: Excavaciones Arrasate S.L.
  • Iturgintzako materialaren hornidura: 27.439,51 €. Enpresa arduraduna: Fundibide, S.A.
  • Ur-ihesa konpontzea, by-pass berria eta by-pass behin betiko lagapena: 100.796,18 €. Enpresa arduraduna: Obras Hidraúlicas Ortega.
  • Matxuraren kokapen zehatza, ehorzketa, hoditeria aldaketa, kutxeta eta eremua hasierako egoerara itzultzea 67.393,62 €. Enpresa arduraduna: Construcciones Moyua, S.L.
  • By-passa lurperatze-obrak 14446,27 €. Enpresa arduraduna: Construcciones y excavaciones Pera.
  • By-passa lurperatzeko materiala 797,15 €. Enpresa arduraduna: Aldeko Material eta Eraikuntza Zerbitzuak.
  • Zementu-egituraren kalkuluak 605 €. Enpresa arduraduna: Salaberri Ingeniería.
  • Matxura, bideo-formatuaren berrikuspena: 344,85 €. Enpresa arduraduna: Ansareo Servicios Integrales.
  • Obraren koordinazioa eta segurtasuna: 263,39 €. Enpresa arduraduna: BSP Consultoria.
  • Ur-sarearen analisia 223,83 €. Enpresa arduraduna: Itsas Natura, s.l.
  • Ur galera. Ur-horniduraren fakturazioaren estimazioa: 60.000 euro.

Hodi "bikia" egingo dute

Behin-behineko ingurabideak ondo funtzionatu zuela ikusita, jarrita jarraitzen du eta oraingoz, mantendu egingo dute. Badaezpada, gainera, leku batzuetan lur azpian sartu dute, seguruago egoteko.

Hala ere, ur-horniduraren sare nagusiko hodi nagusiaren "bikia" egitea gura du Udal Gobernuak, Zalduspetik Kulturola pareraino, "halako matxuraren bat izan ezkero, ur-hornidura bermatzeko", Fuentesen esanetan. Kulturola parean hasten da hodi nagusia hodi txikiagoetan banatzen, herriko hainbat puntutara iristeko eta horregatik egin nahi dute hodi berria horraino.

Hodi horren ibilbidea baldintzatu ditzaketen elementu garrantzitsuak dira autobidea eta autobia. "Beraz, proiektuaren idazketan, alternatiba ezberdinak aztertu beharko ditugu, inguruaren topografia ondo aztertu, alor teknikoa zein ekonomikoa aintzat hartuz. Horrez gain, bestelako hodi edo kableak ere egon daitezke inguru horretan eta horiek ere aintzat hartu behar dira", dio Illarramendik. "Bien bitartean, behin-behineko ingurabidea mantendu egingo dugu". 

Epe jakinik ez dute

Oraindik ez dakite zenbat denbora beharko duten behin betiko hodi alternatiboa edo hodi nagusiaren biki hori jartzeko. "Espero dugu urte eta erdi edo bi urte izatea, asko jota. Behin lanak esleituta, zazpi bat hilabetetan idatzi daiteke proiektua eta horren ostean, obra gauzatzeko lehiaketa zabalduko litzateke. Edozelan ere, oraindik ez dakigu obra zehatza zein izango den, beraz, ez dakigu epeak ondo aurreikusten", azpimarratu du teknikari buruak.

Fuentesek gogora ekarri duenez, Uraren Euskal Agentziak emandako aukeretako bat izan zen San Josepeko deposituraino bideratzea hodia, ur-hornidura bermatu ahal izateko. "Baina depositu horrek ez du banatzen herri osorako ura eta horregatik egin genuen behin behineko ingurabidea". Hala ere, obra berria baliatuta, hodi berria San Joseperekin lotzeko aukera ere ikusten badute, hori ere egingo dute. "Hala ere, teknikarien azterketak ahalbidetu beharko du hori".

Proiektua idazteko, 200.000 euroko partida daukate gordeta 2023ko aurrekontuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak