Pasa den irailaren 26an Arrasateko ur-horniduraren sisteman matxura atzeman zuten Udaleko Obra eta Zerbitzuen saileko arduradunek, Zalduspeko eremuan dagoen hodi orokorrean. Ordutik hainbat jarduera egiten ari dira, horniduraren egoera kritikoa normaltasunera bideratzeko. Gaur gaurkoz eraikia dute sare alternatiboa: "10 egun behar izan ditugu, bizpahiru asteko epea aurreikusi genuen arren", adierazi du Victoriano Fuentes zinegotziak.
Hala, polietilenozko 750 metro inguruko hodi bat konektatuko dute matxura jazotako tokian, Zalduspeko ur-biltegia Nafarroa etorbideko hoditeriarekin konektatzeko. Esku hartze hori datorren astelehenean egingo dute, hilak 17, 07:30ean hasita, eta lanek iraun bitartean, "gehienez 12 orduz", ur sare guztia eten egin beharko dute. Ondorioz, herritarrei eskatu diete sarea martxan jartzen denean "ura neurriz, arduraz eta modu solidarioan" erabiltzea, "ez baitakigu emari, presio edota hornidura arazorik izango den, ezta udalerriko zein eremuri kalte egin diezaiokeen ere". Abisatu dute lehen une horietan ura zikin etor daitekeela: "Beraz, utzi ura korritzen eta zabaldu txorrotak apurka-apurka".
Ostean, matxura konpontzera
Konponbide hori, esan bezala, probisionala da, eta ur-hornidura sistema modu alternatiboan garraiatzeko balio izango du. Bien bitartean, matxura konpontzeko lanei ekin ahal izango diete. Arazoaren iturburua den hormigoizko dadoa apurtzerakoan jakingo dute zenbat denbora beharko duten aberia guztia konpontzeko.