2023ko zergetan eta tasetan ez da aldaketarik izango, udalbatzak hala onartuta. Udal Gobernuko bozeramaile Anuska Ezkurrak azaldu du, prezioen igoera dela eta, "egoera zaila" bizi duela euskal gizarteak eta, oro har, arrasatearrek. "Ez da unea herritarrei esfortzu gehigarri bat eskatzeko", azaldu du, eta zera gaineratu: "Azken lau urteetan zero zor egoeran gaude eta baliabideak ditugu kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko zergak eta tasak igo beharrik gabe".
EH Bilduk aurkako botoa eman du, eta Joseba Ezpeletak hartu du berba ezezko hori argudiatzeko: "Atsekabe moduko bat daukagu. Batetik, prozeduragatik, ez delako egon negoziaziorik eta elkarlanik, ez dugulako aukerarik izan horretarako. Zuen proposamena onartu duzue eta kito. Bestetik, uste dugulako norabide okerrean doala Udal Gobernua".
Zergak izoztea progresibitatearen kontra dagoela azpimarratu du Ezpeletak, "onura gehiago ekartzen dizkiolako gehien daukanari eta kalte gehiago gutxien daukanari". Gaineratu du udal zerbitzuen desoreka handia dela eta "geroz eta handiagoa" izango dela zergak eta tasak izozten jarraituz gero.
Ezkurrak erantzun dio zerbitzuak ez direla desorekatuak. "Igoera handiak egon dira eta aurre egin ahal izan diogu horri, kudeaketa ekonomiko ona egin dugulako".
Podemos Arrasateko bozeramaile Eva Abuinek azaldu du Gobernuaren "erantzun baten zain" jarraitzen duela. Halaber, EH Bildurekin batera, elite ekonomikoei zergak igotzearen alde azaldu da alderdi morea. "Posible da milioi bat euro edo gehiago fakturatzen duten guztiei zergak handitzea edota bankuek zoru publikoa ordaintzea. Hala ere, Gobernuak ez du interesik horretarako".
Lorezaintza zerbitzuko pleguak, aho batez
Bestalde, lorezainen greba bukatu eta hiru aldeek akordioa erdietsi ostean, onartu dituzte lorezaintza zerbitzuko pleguak, aho batez. Puntu horretan, lorezainetako batek hartu du berba eta, besteak beste, "ez ikusiarena" egin izana leporatu dio Udal Gobernuari. [Interbentzio osoa, hemen].
Victoriano Fuentes zinegotzi sozialistak "harriduraz" hartu ditu berba horiek. "Diru gehiago bideratu dugu kontratu horietara eta hasieratik garbi izan dugu igoera hori soldatetan islatu behar zela. Gure esku dagoen guztia egin dugu eta akusazio horiekin harrituta gaude". Ezkurrak, halaber, "poztasunez" hartu du akordioa.
EH Bilduko bozeramaile Maider Morrasek lorezainak zoriondu ditu. "Agerian geratu da langileriaren borrokak emaitzak ematen dituela. Halere, gogorarazi behar dugu Aita Menniko langileek egoera prekarioan jarraitzen dutela, baita zaintza lanetan ari direnak ere". Abuinek, era berean, zera nabarmendu du: "Ikusi da enpresak eta Udal Gobernuak gehiago egin zezaketela lehenagotik".
Aholkularitza energetikorako bulegorik ez, oraingoz
Bestalde, Ezker Anitzak aholkularitza energetikoaren bulego bat sortzeko beharrari buruzko mozioa aurkeztu du. Hala ere, ez du aurrera egin, Udal Gobernuko hamabi botoak aurkakoak izan baitira. Ezkurrak adierazi du Gobernua kontzientziatuta dagoela trantsizio energetikoarekin eta bide horretan hainbat proiektutan lanean diharduela: SHREC, Ekiola, Debagoiena 2030 eta abar. "Gure bidea egiten ari gara arlo horretan, beraz, ezezkoa emango diogu mozioari".
Morrasek azaldu du horrelako bulegoak bailara mailan kudeatu beharko liratekeela, baina ados azaldu da ideiarekin, eta baiezko botoa eman du EH Bilduk. Era berean, Ekiolaren gaia mahaigaineratu du EH Bilduren bozeramaileak: "Guk bat egiten dugu Ekiolarekin, noski, baina gurako genuke arrasatear guztiek izatea aukera kooperatiba horietan bazkide izateko, eta hori ez da aurreikusi, ez dago dirulaguntzarik horretarako".
Ezkurrak erantzun dio aukera guztiak aztertuko direla eta herritar guztiek izango dutela kooperatiban bazkide izateko aukera. "Dirulaguntzaren bat edo bestelako baliabideren bat beharko balitz, jarriko genuke".
Ekiolarekin lotuta, Maria Ubarretxena alkateak esan du urriaren 17an bulego bat irekiko dutela BAZen, eta Ekiolaren aldeko apustua garbia dela. "Energiaren burujabetasunean sinesten dugu, hemen ekoiztutakoa eta guk kudeatutakoa. Horrekin goaz aurrera".
Uztaileko osoko bilkurak soka luzea ekarri du
Galdera eta erantzunen tartean, Abuinek uztaileko osoko bilkuraren amaieran gertatutakoa ekarri du bueltan. "Adierazpen instituzional bat egiten saiatu gara, baina ez gara adostasun batera heldu akusazio faltsu horiek gaitzesteko. Beraz, ez daukagu bermerik berriro gertatuko ez denik. Gaia ez badugu tratatzen, aurrekari bat izango da".
Morrasek, bestalde, nabarmendu du EH Bildu ez dela babestuta sentitzen. "Bahitzaile batzuk ginela esan zigun auzo-alkate batek, alkatearen ordezkari batek, eta hori ez zuen moztu alkateak". Era berean, agintaldi hasieratik "maila politiko baxua" dagoela dio EH Bilduren bozeramaileak eta "errespetu falta izugarriak" ematen direla. "EAJren eta PSE-EEren partetik jaso izan ditugu irainak eta hori ez dugu onartuko".
Ubarretxenak adierazi du gaia Bizikidetza Mahaian tratatu dutela dagoeneko eta ez dela egokia gaia osoko bilkurara eraman eta "zirkua" antolatzea: "Osoko bilkura publikoa da, komunikabideak daude, eta zirku batean bilakatzen da. Baina gu ez gatoz bat eredu horrekin, gaiak beste seriotasun batekin landu behar dira".
Euskaraldiarekin bat
Bestalde, Euskaraldiaren inguruko adierazpen instituzionala ere eraman dute osoko bilkurara. Honako hau da:
"Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiaren hirugarren edizioarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. 2018an eta 2020an izan ziren aurreko bi Euskaraldiak, Euskal Herri osoko milaka parte hartzailerekin. Arrasaten ere, 3.500 norbanakotik gora izan ziren parte hartzaileak, eta 180 entitatek sortu zituzten barne eta kanpo ariguneak. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du Euskaraldiaren hirugarren edizioan.
Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan, eta, bereziki, udal barrura begira ekimena zabaltzea. Ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak egingo ditugu, arduradun politikoak zein langileak.
Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.
Belarriprestok gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.
Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible egiteko eta etorkizunean eutsi ahal izateko. Udalbatza bera arigune izango da eta udalak entitate moduan izena emango du Euskaraldian.
Udalak, ekimenaren sustatzaile gisa, udal barruan ez ezik, udalerrian ere herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldia ekimenean parte har dezaten, eta izena emateko bideak erraztuko ditu. Udalak bat egiten du ekimena elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin".