Matilde Martin Santa Marinako auzo-alkateak barkamena eskatu dio Podemos Arrasateri

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko uzt. 22a, 12:44

Matilde Martin, martitzeneko osoko bilkuran, Podemos Arrasateko eta EH Bilduko ordezkarien aurrean.

Martitzeneko osoko bilkura amaieran auzo-alkateak salatu zuen "bahituta" eduki zutela domekan eta Podemos Arrasateko Eva Abuini eta EH Bilduko udal ordezkariei aurpegiratu zien hori. Alderdi moreak akusazio horren "berehalako zuzenketa" eskatu zion, eta atzo, eguena, publikoki zuzendu zituen bere berbak Martinek.

Osoko bilkura amaitzear zela, Peter Encinas herritarrak adierazpen askatasunaren gaia atera zuen, Monterrongo burdin hesian pankartak jarri ahal izatea eskatuz. Eva Abuin Podemos Arrasateren bozeramaileak ere adierazpen askatasunean jarri zuen fokua eta, horri erantzunez, Martin Garcia sozialistak askatasun hori guztientzako izan behar dela aurpegiratu zion Abuini, domekan Matilde Martin "bahituta" eduki zutela salatuz.

Santa Marinako auzo-alkateak bere alderdikide esandakoa berretsi zuen eta, bere lekutik jaiki eta mahaian hainbat golpe joz, EH Bilduko udal ordezkariei ere aurpegiratu zien "bahiketa" hura.

Barkamena eskatu dute

Akusazio horien ostean, Podemos Arrasatek "berehalako zuzenketa" eskatu zien sozialistei eta hauek prentsa agerraldi bat egin zuten Abuini eta Podemos Arrasateri barkamena eskatu eta bahitu hitza egokia izan ez zela onartzeko. Edozelan ere, azpimarratu zuen barkamena soilik Podemos Arrasaterentzat dela, eta ez EH Bildurentzat.

Matilde Martin eta Martin Garcia, atzoko prentsa agerraldian.

Domekako gertaera

Joan den asteburuan Santa Marina auzoko jaiak ospatu zituzten eta testuinguru horretan gertatu zen auzo-alkateak osoko bilkuran salatutakoa. Haren hitzetan, erretiratuen bazkaritik auzo-alkatetzara itzuli zenean, "presoen aldeko pertsona talde bat" zegoen han. "Une hartan, joateko eskatu nien eta haiek ezetz erantzun ostean, ika-mika sortu zen gure artean [...]. Lokalean sartu nintzen eta haiek ate aurrean geratu ziren". Gaineratu du irteteko "mugatuta" sentitu zela, nahiz eta nabarmendu duen ez ziotela atea itxi, hau da, ez zutela bahitu. Horregatik zuzendu ditu martitzeneko hitzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak