Zerga eta tasetan igoerarik ez egitea proposatuko du Gobernuak osoko bilkuran

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko urr. 4a, 12:40

Victoriano Fuentes, Maria Ubarretxena eta Ander Garay, gaurko prentsa agerraldian.

Udal Gobernuak 2023ko ordenantza fiskalei begira egin duen proposamenaren berri eman du eta gaurko osoko bilkurara eramango du proposamen hori. Hain zuzen, zerga eta tasetan inolako igoerarik ez egitea proposatuko du, "herritarrak gehiago ez kaltetzeko".

Udal kontuak "osasuntsu" daudela adierazi du Maria Ubarretxena alkateak. "Zero zor egoeran jarraitzen dugu". Beraz, zergak eta tasak daudenetan uzteko proposamena egingo dio Gobernuak udalbatzari. "Bizitzaren garestitze bat sufritzen ari garela kontuan izanda, ez dugu ikusten beharrezkoa denik herritarrak are gehiago kaltetzea. Badakigu inguruko herrietan urtero egoten direla igoerak, baina gure egoera ona da eta horrek baimentzen digu zergarik eta tasarik ez igotzea", dio alkateak.

Aldaketa teknikoak

Proposamena teknikoa dela adierazi du Ubarretxenak, idazketan aldaketa batzuk egin dituztelako. "Adibidez, autoaren zerga beste herri batean ordaintzen baduzu eta hori ziurtatzen baduzu, hemengoa ez duzu ordainduko edo itzuli egingo zaizu. Hori lehen ere egiten zen, baina idatziz jaso gabe zegoen". 

Idatziz jasoko den beste aldaketa bat da TAOko egoiliarraren txartelari dagokiona. "Aurten, aldaketak direla eta, herritar batzuek beranduago izan dute aukera txartela ateratzeko. Hori dela eta, txartela sei hilabete baino gutxiago erabiliko dutenek erdia ordainduko dutela". 

Amaia antzokiaren alokairuari dagokion aldaketa ere idatziz jasoko dute, bere garaian EH Bilduk eskatu moduan eta, gerora, osoko bilkuran onartu ostean. "Hau da, irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatzen dituzten ekitaldiek %100eko hobaria izango dute eta, beraz, ez dute alokairua ordainduko. Horretarako, ekitaldia irekia izan beharko da, herri guztiari zuzendutakoa eta herriko kultura eskaintza aberastuko duena. Halaber, ekitaldiak 1.000 euro baino gehiagoko irabaziak izan ezkero, 83 euroko prezioa ordaindu beharko du antolatzaileak (BEZ barik)".

Oposizioarekin negoziaketak

Ander Garay Ogasun zinegotziak azaldu du Gobernua ekainean hasi zela ordenantza fiskalak prestatzen. "Lehenik, azterketa ekonomiko bat egin dugu eta ikusi dugu Udalaren ekonomiak ahalbidetzen duela igoerarik ez egotea. Gero, irailean, oposizioko taldeei aurkeztu genien gure proposamena, hiru asteko negoziaketa epe bat zabalduz". 

EH Bilduk bere proposamenak helarazi dizkiela gaineratu du Garayk. "Negoziaketa epe bat izan dugu, hala ere, gure proposamenarekin egingo dugu aurrera. Elkarrekin Podemosek, ordea, berandu helarazi dizkigu bere proposamenak eta horiek ez dira moduak". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak