'Hazia' ikuskizuna estreinatzeko dena gertu

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko ira. 17a, 10:49

Ezkerretik hasita, Aritz Salamanca, Hazia musikaleko koreografo eta dantzaria; Arkaitz Gartziandia, Jose Maria Arizmendiarrietaren paperean; Begoña Rodriguez, aktorea eta Gontzal Mendibil, zuzendaria.

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak eta Gontzal Mendibil musikariak sortu duten eta Jose Maria Arizmendiarrieta oinarri duen musikala Amaia antzokian eskainiko dute gaur, zapatua, 20:00etan eta bihar, 19:00etan; Arrasate.eus-en eta leihatilan daude sarrerak salgai.

2019an jaso zuten Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartekoek Gontzal Mendibilen eskutik Mondragon korporazioko enpresa kooperatiboen sustatzailearen bizitza oinarri duen musikala egiteko proposamena, eta, ideia "asko" gustatu zitzaienez, baiezkoa eman eta segituan hasi ziren ikuskizuna gauzatzeko lanetan. Hiru urte sorkuntza-lanetan jardun ondoren, egindako lanaren emaitza jendaurrean aurkezteko unea iritsi da, eta Amaia antzokian egingo dituzte estreinako bi emanaldiak.

Arizmendiarrietaren eta haren gertukoen azalean sartuta, hamaika musikari, sei kantari eta hamasei antzezle eta dantzari izango dira taularen gainean.

"Modernoa eta laikoa"

Arizmendiarrietaren mezuak jaso ditu Mendibilek; poesia bihurtu eta ondoren musikatuz, hemeretzi kantu berri sortu ditu. Hori horrela, musikalak kantu bidez eta bestelako diziplina artistikoen bidez azalduko du nor zen Mondragoneko kooperatiba sortzailea eta zer egin zuen. Gontzal Mendibil eta Arkaitz Gartziandia aktorea izango dira kontakizunaren narratzaileak. "Markinako Barinaga auzoan hasiko da kontakizuna, hura jaio zen lekuan. 1941ean iritsi zen Arrasatera, eta bertan bizi izan zituen hainbat pasadizo interesgarri kontatuko ditugu", adierazi du Zeanuriko eskarmentu handiko musikariak.

Publiko zabalarentzako dela gaineratu du Gartziandiak: "Ez da helduentzako proiektua bakarrik. Lantalde gaztea osatu du Gontzalek, Arizmendiarrietak adierazten zuen mezuak gaurkotasun handia du, eta musika ere interesgarria da. Sekulako eredua da niretzako Arizmendiarrieta, eta asko ari naiz ikasten pertsonaia honekin, uste dut nire garapenerako kristoren coach-a dudala".

Diskoa eskuragarri dago

Dagoeneko diskoan bilduta dituzte ikuskizuneko piezak. Asteburuan Amaia antzokian eskuratzeko aukera izango da, hamabost eurotan, eta, bestela, eskaria egin daiteke, maxmaproducciones@gmail.com helbidera idatzita edo 659 97 18 05 telefonora deituta.

Emanaldi gehiago egingo dituzte

Asteburuan Amaia antzokian estreinatu ondoren, Euskal Herriko beste antzoki batzuetan eskaintzeko asmoa adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek. "Oraingoz, lau antzokitan ditugu lotuta, baina Goierri aldean, Markinan eta Baionan aurkezteko asmotan ere bagaude. Iragarritako emanaldietarako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude".

  • Bilboko Arriaga antzokian Urriaren 1ean.
  • Iruñeko Baluarte aretoan Urriaren 29an.

  • Donostiako Kursaal aretoan Azaroaren 26an.
  • Gasteizko Printzipal antzokian Abenduaren 17an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak