Arkaitz Gartziandia (aktorea): "Sekulako oparia izan da 'Hazia' niretzako"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko ira. 9a, 10:19

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak eta Gontzal Mendibil musikariak, Arrasateko Udalaren babesarekin, sortu duten Hazia musikala estreinatuko dute irailaren 17an, 20:00etan, Amaia antzokian eta hurrengo egunean beste emanaldi bat egingo dute, 19:00etan. Sarrerak salgai daude Arrasate.eus atarian, Arrasateko Ezkiña, Itsaslur, Kajoi eta Monte tabernetan, eta ekitaldia hasi baino ordubete lehenago leihatilan.

Hamaika musikari, hamar kantari, hamabi antzezle, hamabi dantzari eta Easo Abesbatza, Easo Eskolania eta Goikobalu Abesbatza izango dira Mondragoneko kooperatiba sortzaileari buruzko ikuskizunean; horien artean dago Arizmendiarrietaren papera egingo duen Arkaitz Gartziandia.

Estreinaldirako dena prest?

Prozesua nahiko luzea izan da, normalean izaten denerako. Facebooken bidez jaso nuen Gontzalen [Mendibil] proposamena abendu bukaeran, eta otsailean hasi ginen lanean. Harrezkero, prozesu oso interesgarria izan da; aktoreok, orokorrean, korrika eta presaka egiten dugu lan, eta, kasu honetan, denbora luzez ari gara lanean eta pertsonaia barneratzen joateko aukera oso polita ari zait Hazia eskaintzen.

Zer da zuretako Arizmendiarrieta?

Gure gizarteak lehiakortasun eta indibidualismora bultzatzen gaituela esango nuke eta Arizmendiarrietaren mezuak ez dira horrelakoak, kontrakoak baizik. Indibiduoak eduki dezakeen ideia batetik abiatuta bai, baina hark esaten zuen moduan: "Izan, egin eta partekatuta". Hiruko hori jarraituz, izatea eta nor zaren jakitea oso garrantzitsua dela helarazi nahi zuela uste dut, eta baita ideia horiek praktikan jarri behar direla ere. Sekulako eredua da niretzako Arizmendiarrieta, eta asko ari naiz ikasten pertsonaia honekin, uste dut nire garapenerako kristoren coach-a dudala.

Zelan landu duzu pertsonaia?

Biografiak eta bestelako gogoetak irakurtzen sekulako lana egin du Gontzalek, eta testu oso ona sortu du; niretzako oso lagungarria izan dena. Eta bestetik, Jesus Mari Arizmendiarrietak, Jose Mariaren lobak, kristoren opari polita egin zidan: Fernando Molinak idatzitako Jose Maria Arizmendiarrietaren biografia, batetik, eta On Jose Maria Arizmendiarrieta. Bere gogoetak izenekoa, bestetik, eta material asko dago horietan. Apenas dago haren gaineko ikus-entzunezkorik, baina Gontzalek aurkitu dituen argazkiak eta audioak ere oso lagungarriak izan dira pertsonaia osatzeko. Argazkietan ikusi dudan haren begiradak asko esaten dit; pertsona jakintsu baten begirada garbia daukala iruditzen zait, eta haren irribarrea ere oso esanguratsua. Aktoreok animalia bat aukeratzen dugu pertsonaia bat lantzeko, eta, oraingoan, indioilar moduan irudikatzen dut, atrakzio handia duen hegaztia, hark nahi duenean edertasun hori erakusten duena.

Lanketa hori egin eta gero, errespetu berezia sortzen dizu pertsonaia ezaguna eta erreala antzezteak?

Egia esan, bai; haren familiak ikusiko du ikuskizuna eta jende askok ezagutzen zuen. Bestetik, aktorearen lana aktorearena da, eta publikoa, gainera, aktoreak bere burua ere errespetatu behar du eta kontuz ibili behar da gaizki egitearen beldurrik ez sartzeko. Egia da uztailean egin genuen entsegura Arizmendiarrietaren loba etorri zela eta zoriondu egin ninduela nire lanagatik, eta horrek sekulako konfiantza eman zidan.

Lantalde zabala dago, eta Gontzal Mendibil da gidari nagusia.

Niretzat zoragarria da, sekulako pribilegioa daukat Mendibil ezagutzeagatik. Pertsona moduan maitagarria da, aktore moduan ere konfiantza handia ematen dit. Lantaldea ere bikaina da, Aritz Salamankak gidatutako dantzarien lana ere aparta eta musikariak ere ikaragarriak dira. Abesbatza bat atzean izateak indarra ematen dit, eta baita lana asko erraztu ere. Opari bat da hemen egotea.

Mendibilek azpimarratu du proposamen laikoa eta modernoa dela. Gomendatuko zenuke?

Bai; ez da helduentzako proiektua bakarrik. Lantalde gaztea osatu du Gontzalek, eta Arizmendiarrietak adierazten zuen mezuak gaurkotasun handia du, eta musika ere oso interesgarria.

Hamasei aktore zaudete taularen gainean. Aldez aurretik ezagunak?

Madrilen bizi diren etorkizuneko aktore handiak dira denak; horien artean daude Goa!zen telesailean ibilitakoak, eta publiko gaztearentzat erakargarria izan daiteke hori.

Telebistan eta zinemagintzan ere ibilitakoa zara. Antzokiak nahiago?

Antzokietan izugarri gozatzen dut, baina zinemagintzan eta telebistan ere oso gustura jarduten dut. Maixabel (Iciar Bollain) filmean parte hartzea sekulako oparia izan zen, eta ezin ahaztu nire lehenengo telesaila izan zen Goenkale, lan- kide izan nuen Kepa Errastirekin izugarri ikasi nuen.

Amaian antzokian bi emanaldi egingo dituzue, zapatuan eta domekan, eta ondoren non izango zarete?

Urriaren 1ean Arriaga antzokian; Iruñeko Baluarte aretoan urriaren 29an; Donostian, Kursaalen, azaroaren 25ean; Gasteizen abenduaren 15ean; eta Beasainen abenduaren 23an.

Uztailean Amaia antzokian egin zuten entsegu batean.

Aktore taldea

Taularen gainean honako aktore eta abeslari hauek izango dira Jose Maria Arizmendiarrietaren eta haren gertukoen paperean: Gontzal Mendibil, Arkaitz Gartziandia, Ainhoa Tabuyo, Diana Irazabal, Txomin Maidagan, Begoña Rodriguez, Maddi Otamendi, Benito Patxeko, Samuel Gibert, Alberto Mendigutxia, Aritz Salamanca, Antton Fernandez, Alfonso Diez, Adriano Herreros, Udara Zubillaga, Eneko Asiain, Xanti Korkostegi, Oier Zapiain, Ander Lacalle eta Ander Ayerza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak