Ia 50 urte daramatza oholtza gainean dagoeneko klasikoak diren Merezi ote eta Bagare abestiei ahotsa jarri zien Gontzal Mendibilek (Zeanuri, 1956). Musikaletan ere badu eskarmentua: 2019an lantzen hasi zen seigarrenarekin, HAZIA musikalarekin; Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza musikatu du.
Hiru urteko lanaren ostean taularatuko duzue HAZIA musikala. Honezkero desiratzen egongo zara estreinaldirako!
Bai, baina pozik nago. Arrasate eta Mondragon Taldea munduan oso ezagunak izan arren, haien sortzailea ez da hain ezaguna, eta, pertsonaia arakatzen hasita, konturatu nintzen haren bizitza eta ekintza oso interesgarriak zirela. Hori horrela, orain hiru urte pasatxo jarri nintzen harremanetan Arizmendiarrietaren Lagunen Elkartekoekin musikala egitea proposatzeko, eta, haien erantzuna jaso bitartean, gidoia prestatzen eta proiektua txukuntzen jarraitu nuen. Handik lasterrera deitu zidaten esanez interesgarria zela, eta lanean hasi ginen. Pandemiak, egia esan, on egin dit, Arizmendiarrietaren barruan sartu ahal izateko. Haren gogoetak eta idatziak eta hari buruz idatzitakoak poesiara pasatu ditut, eta gero, poesia hori musikatu. Ni, ikasketaz, soziologoa naiz, eta beti interesatu izan zaizkit kontu sozialak. Apaiza izan arren ikusi nuen Arizmendiarrietak aipatu eta idatzitako gauza gehientsuenak hortik zihoazela, eta kuriosoa iruditu zitzaidan, baita gaurko garaietarako interesgarria ere. Haren balioak gaurkoratzea eta gazteengana helaraztea izan da asmoa.
Zein izan da erronkarik handiena Arizmendiarrietaren bizitza musikal batean erakusteko orduan?
Hura nor zen jakiteko, haren garaietara joan behar duzu, testuingurua ezagutu, eta ni beraren familiarekin egon nintzen, jaioterri zuen Markinako Barinaga auzoko Iturbe baserrian. Banaka-banaka joan nintzen batzen haren zatiak, hasieratik. Musikalak izen bat behar zuela konturatu nintzen, Arizmendiarrieta bera askorentzat ez delako oso ezaguna. Eta jabetu nintzen hura hazia zela, gerora harizti bihurtu diren enpresa eta bestelakoen hazia. Hala, ikono moduan hazia hartu nuen, eta ezkurrak ere bai: emanaldietara datozen guztiei ezkur bana oparituko diegu, gero norberak nahi duen tokian erein dezan. 5.000 ezkur inguru pilatu ditugu horretarako. Haren bizikleta da musikalean erabiltzen dugun beste ikonoetako bat. Eta musikaleko hirugarren ikonoa hirukiak dira. Izan ere, ALEkoekin hitz eginda, esan zidaten Arizmendiarrietak zioela utopian sinistu behar dugula. Utopia hirukiaren goiko zatia litzateke, eta hori eraikitzeko beharrezkoak iruditzen zitzaizkion pragmatismoa eta errealismoa, hirukiaren oinarriak. Jende gaztea ere erakarri gura genuen, eta horretarako egin duguna izan da musikalean parte hartuko duen jende gaztea bilatu. Beharbada, ni izango naiz musikaleko zaharrena! Hamaika musikari daude, eta bederatzi kantari, denak gazteak.
Arizmendiarrieta protagonista izanda, Arrasaten etxean jokatzen duzula esan daiteke, baina Bilbon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen ere egingo dituzue emanaldiak. Horietan piztu dezakeen interesak kezkatu egiten zaitu?
Musikal berria eta apaiz baten ingurukoa denez, jendeak astuna izango dela pentsatzea izan da hasieratik izandako kezka. Hori horrela, zaila musikala bera saltzea da, beste garai batean gaudelako, jendeak arintasuna nahi duelako eta badirudielako historiako gauzak ez direla askorik interesatzen. Baina bederatzi aktore gazteak, adibidez, emozionatuta ikusten ditut, eta oso modernoa da, nik egin dudan musikalik modernoena, garaikideena. Disko bat ere grabatu dugu, musikalerako idatzitako 22 abestietatik 19 jasotzen dituena, eta oso musika gaurkotua da. Gainera, kontatzen duguna da Arizmendiarrietaren balioak, hau da, elkarlana, auzolana, konpromisoa... inoiz baino beharrezkoagoak direla. Musikalean jendea harritu egingo da egiten ari garenarekin; pasarte batean, adibidez, gospel musika dago. Kantuetatik aparte, narrazioa, eszena ezberdinak eta koreografiak ere egongo dira; baita proiekzioak ere. Hainbat diziplina artistiko daude, eta zailena horiek denak uztatzea izan da, denak bat egitea. Gainera, hasierako gidoia hiru ordukoa irten zitzaidan, baina gaur egun hori ezinezkoa da, eta, hala, nahi dugu bi ordu eta zerbait iraungo duen ikuskizuna izatea, erdian tartetxo batekin.
"Arizmendiarrietaren balioak gaurkotzea eta gazteengana helaraztea da asmoa"
Aurreko musikalen artean, besteak beste, Iparragirreri eta Aita Arruperi buruzkoak egin dituzu. Formatu egokia da pertsonaia historikoez berba egiteko?
Gaur egun, irakurtzerakoan, esaterako, ez dago sakontasunik; esan bezala, arintasunean bizi garelako. Gauzak horrela, nik uste dut Arizmendiarrietaren poemak-eta musikarekin kantatzea dela aproposena. Musikal honekin, batez ere, emozioa egongo da: hazia pertsonak izango dira, harizti bihurtuko diren pertsonak, eta hori kantuen, dantzen, proiekzioen... bidez izango da. Arizmendiarrietaren pertsonaia ezagutarazteko formatu hoberik ez dago: liburua gutxi batzuek irakurriko lukete, pelikula bat egitea oso zaila da, baina kantuak, erakargarri egiten badira, betirako geratuko dira.
Musikala tarteko, orain harreman handia ari zara izaten Arrasaterekin, baina Debagoienean sarri egon izan zara, Arantzazun. Zer esan nahi du Arantzazuk zuretzat?
Gure gune kultural eta izpirituala; niretzat oso erakargarria. Han sortu nituen Olentzaro musikala, baita Iparragirreri buruzkoa ere. Zorte handia izan nuen baita ere Bitoriano Gandiaga frantziskotarraren, gure poeta handienetakoaren, laguna izan nintzelako. Duela lauzpabost urte Pello Zabalari galdetu nion zer izango zen Arantzazu etorkizunean, eta arduratuta ikusi nuen, hemen bokaziorik ez dagoelako eta etortzekotan beste kultura batekoak etorriko direlako.
"Musikala oso modernoa da, egin dudan modernoena, garaikideena"
Ia 50 urte daramatzazu musikaren munduan. Inoiz damutu zara bide hori hartu izanaz?
Ez, ez dakidalako besterik egiten. Nik beti esan dut belarri onekoa izan naizela. Kantari onak, ahots onekoak, Pavarotti eta horiek dira; nik ahotsa badut, baina gehiago gustua. 5 edo 6 urterekin Zeanuriko abesbatzako mutikorik gazteena izan nintzen eta gogoan dut baita ere, umetan, gazteleraz ez jakin arren ere, Cara al sol abestera behartzen gintuztela eskolan. Pentsa, beharbada, Francok bihurtu ninduen kantari! Gero, amonak, 12 urte nituela, gitarra bat oparitu zidan, eta begira ze kasualitatea: Zeanuri ondoan dagoen Arteako ikastetxe batera joaten nintzen gitarra eskolak hartzera, eta Arizmendiarrieta bera ere haraxe joan zen 11 urte zituela ikasketak egitera!
Ze iritzi duzu euskal musikaren egoeraz? Zein harreman duzu belaunaldi berrietako musikariekin?
Ni dagoeneko garai batekoa naiz, baina pozik nago, musikari onak ditugulako, bai taldeak, baita bakarlariak ere. Esan daiteke ni bigarren belaunaldikoa naizela, Benito Lertxundiren, Xabier Leteren eta Lourdes Iriondoren ostekoa... Nire lehen emanaldia eurekin izan zen, Bilbon, 18 urte nituela. Kantautoreak ginen, eta, akaso, figura hori gutxitzen joan da, taldeen mesedetan. Beste garai bat da, baina badago gurean oso ona den jende gaztea. Horretan gurea sorkuntza handiko herria dela esango nuke, sortzaile asko eta musikari trebeak ditugula. Hori poztekoa da. Musikal honekin niretzat deskubrimendua izan da jende gazteak ze ondo abesten duen. Lau, esaterako, Arte Ederrak eta musika kontuak dabiltza ikasten Madrilen. Arizmendiarrietaren amaren papera egiten duen Ainhoa Tabuyo donostiarrak, esaterako, 19 urte egin ditu oraintxe eta zoragarri abesten du. 17 urte dituen Txomin Maidagan arrasatearra ere beste figura bat da! Etorkizun oso ona dugu, kooperatibekin egin moduan, musika ere mundura eramateko modukoa!
Egungo gazteak hain prestatuta ikusteak ematen dizu inbidia puntu bat?
Ez, poza baizik! Nire garaia beste bat zen. Egun, aukera gehiago dituzte, baina zailtasunak ere bai. Oraingo gazteek lehia handia dute, eta ez da erraza. Gauza onek iraun egiten dute, eta gauza benetan onak ez dira sarritan egoten. Beti esan izan dut kontua ez dela gauzak egitea; gauzak ondo egin behar dira, ez egiteagatik egin. Hori, alor guztietan: bai idazten, bai abesten, bai antzezten... Hori beharrezkoa da gu garen hori mundura eramateko. Musikal honetan izpiritu ona horregatik beragatik ikusten dut: partaide asko amateurrak izango dira, baina lan ederra egiten ari gara. Hau talde-lana da, eta horretan sinetsi behar da: nik sortu ditut kantuak, baina horren atzean talde ona dago, eta diziplina handia. Gure herrian beti izan dugu eredu auzolana, eta horretara goaz.
"Ahots oneko kantariak Pavarotti-eta dira; nik ahotsa badut baina gehiago gustua"
Musikalean bai, baina beste non entzungo dugu zure ahotsa? Izan ere, ez zara geldi egotekoa.
Ez horixe! Aurreko egunean, esaterako, goizean Errenterian izan nintzen musikaleko aktoreekin entseatzen, eta arratsaldean, aldiz, neure musikarekin kontzertua ematen Ortzaizen. Musikalaz gain, iaz, gauza eder bat suertatu zitzaidan. Luis Baraiazarra karmeldarrak San Joan Gurutzekoaren obra guztia euskaratu du, eta horretarako asmoa zuela esan zidanean, esan nion hori aurrera joango balitz ni prest nengokeela hori musikatzeko. Handik pare bat hilabetera, gazteleratik euskarara itzulitako poemak bidali zizkidan; pentsa, metrika eta errima berean! Hori lan itzela da! Hamazortzi kontzertu egin ditugu horiek abiapuntu hartuta, eta urrian Santiago de Compostelara eta azaroan Avilara goaz San Joan Gurutzekoaren obrak euskaraz eta erdaraz abestera.