Ikasleek zein irakasleek elkarrekin jo zituzten hainbat pieza egubakoitzean, Herriko Plazan. Helburua, eskolaren berri ematea izan zen, besteak beste.
Belaunaldi ezberdinen arteko zubi lanak egin zituen Hauspo Egunak beste behin eta gazteenek aukera izan zuten Txatxilipurdik jarritako jolas gunean instrumentuak gertutik ezagutzeko eta musikarekin gozatzeko.
Eskuz eginiko panderoak bertatik bertara ikusi eta jotzeko aukera ere izan zuten herritarrek. Baita taloak dastatzeko ere eta Euskaraldiak jarritako postuan barrena ibiltzeko.
Tabernariak eta trikitixa batzen dituen Trikigin txapelketak ere ez zuen hutsik egin. Aurten bost tabernak hartu zuten parte eta gin-tonic irabazlea Monte Tabernako Dervi Nuñezek egindakoa izan zen.
Egubakoitzean, baina, ez zen bukatu festa giroa; zalantzarik gabe ikasleendako une garrantzitsuena Faltriqueira talde galiziarrarekin elkarlanean eskainitako kontzertua izan zen, zapatuan.