Arrasateko Uribe auzoko zubia eraitsi zuten abuztuaren lehenean

Jon Irizar Aranguren 2022ko abu. 9a, 14:04

Abuztuaren batean hondeamakina Arrasateko Aramaio errekara sartu, eta hainbat mende zituen Uribe auzoko zubia eraitsi zuen. Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoa Gautxori inguruan egiten ari den urbanizazio proiektuaren baitan bota dute zubia. Arrabotsa sortu du erabakiak Arrasaten.

Carlos Garcia Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaileak 2021eko udaberrian Goienari adierazi zionez, hiruzpalau urte zeramatzaten Arrasateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean jasota dagoen Gautxori esparruaren urbanizazioan lanean. Ekintzailetza teknologikoa sustatzeko esparru berri bat eraikitzea da proiektuaren helburua.

Unibertsitateak lanak egiteko behar zituen lur guztiak erosi ostean, 2021eko udaberrian hasi zituzten obrak, eta, besteak beste, inguruan zeuden bi baserri eta lau hangar eraitsi zituzten joan zen urtean. Mondragon Unibertsitatearen hitzetan, beharrezko azterketak eginda eta Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin.

Zubia

Garai berean heldu zen, ordea, Arrasate Zientzia Elkarteak Uribeko zubiaren inguruan egindako lehen idatzia Arrasteko Udalera. Elkarteak emandako datuen arabera, dokumentuek frogatzen dute XVI-XVII. mende inguruan konponketa batzuk egin zizkiotela Uribeko zubiari. Ondorioz, 400 bat urte zituen Aramaio errekaren bi aldeak lotzen zituen harrizko eraikuntzak.

AZEren arabera, dokumentuek frogatzen dute XVI-XVII. mendean zubia konpondua izan zela

Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean babestutako ondarea zela aipatzen zuten elkarteko kideek. Goienak jakin ahal izan duenez, baina, hor bertan egon da arazoaren muina: aipatutako planak ez zuen Uribeko zubia ondare historiko bezala jasotzen.

2022ko otsailean zubia eraisteko ideiak bere horretan jarraitzen zuen. Unibertsitateak adierazi zuenez, Gautxori esparrua gauzatzeko ez zuten zubia eraisteko beharrik ikusten, eta horretarako arrazoi bakarra Uraren Euskal Agentziaren agindu bat zela esan zuten. Agentziak, ordea, ondare historikoen gaineko eskumenik ez zutela aitortu zion Goienari. "Obra baimendu genuen, besterik ez", esan zuten.

Egoeraren azterketa sakonagoa egingo zuela adierazi zuen MUk martxoan

Nahasmenaren aurrean, Mondragon Unibertsitateak atzera egin zuen, eta epe motzean zubia ez eraisteko erabakia hartu zuten. Arrasate Zientzia Elkarteak eta hainbat alderdi politikok publikoki zubia ez eraisteko eskaera egin zioten unibertsitateari; Arrasateko Udalak, aldiz, proiektua aldatzeko aukera eman zion. Unibertsitatetik egoeraren azterketa sakonagoa egiten ari zirela aitortu zuten.

Uribeko zubia, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Goiena)

Abuztuaren lehena

Abuztuaren lehena heltzearekin batera, baina, hondeamakina Aramaio errekara sartu, eta Uribeko zubia eraitsia izan zen. Mondragon Goi Eskola Politeknikoak prentsa ohar bidez adierazi duenez, bi arrazoik baldintzatu dute erabakia. Lehena, kontsulta tekniko eta juridikoak egin ostean, "ezinezkoa" zela zubia mantentzea. Bere horretan eraisteko arriskua zuela aipatzen dute oharrean, zubia "landu gabeko harri txikiz" eginda dagoelako. Atzera egin dute birkolokatzeko ahaleginarekin ere, desmuntatzeko eta muntatzeko lanetan zubia "gainbehera etortzeko arrisku larria" zegoela argudiatuz, "langileen segurtasuna arriskuan" jarriz.

Bi argudio eman ditu MUk zubia eraitsi izana arrazoitzeko: osaera eta proiektuaren epeak

Bigarren arrazoia, berriz, eraikuntzaren epeak izan dira. Adierazi dutenez, proiektua garatzeko "laguntza ekonomikoen menpe" daude, eta epe horiek ez betetzeak "laguntzak galtzea" ekarriko luke, proiektua bera kolokan jarriz.

Erreakzioak

Zubia eraitsita, berehala heldu dira gaiaren bueltan aritu diren elkarte eta alderdi politikoen erreakzioak. "Haserre bizia" erakutsi du Arrasate Zientzia Elkarteak hainbat hedabidetan, eta eraisketa erabateko "adar-jotzea" dela esan dute. "Disparate bat gehiago, ondare bat gutxiago", laburbildu dute.

EH Bilduk eta Podemos Arrasatek ere prentsa ohar bana bidali dute hedabideetara. Abertzaleek "harriduraz eta penaz" hartu dute zubia eraitsi izana, eta erabakia Udaleko erabakiguneetatik eta arlo publikoetatik kanpo utzi izana leporatu diote udal gobernuari. Moreek ere ondare historikoen gaineko eskumenak enpresa pribatuen menpe utzi izana deitoratu dute.

Udal Gobernuak, bere aldetik, esan du udaletik "ez dela agindurik eman" zubia eraisteko. Mondragon Unibertsitateari martxoan proiektua aldatzeko aukera eman zietela gogorarazi dute, baina "arrazoi ezberdinak tarteko", aldaketak egitea posible ikusi ez dutela adieraziz amaitu du oharra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak