Gautxori esparrua urbanizatzeko lehen pausoak

Eneko Azurmendi 2021ko mar. 18a, 15:05

Uribarri auzoan dagoen Gautxori esparruan Uribe Goikoa eta Uribe Behekoa baserriak eraisten hasi da dagoeneko MU.

Uribe Goikoa eta Uribe Behekoa baserriak eraisten hasi da MU, eta beste lau hangar ere botako ditu, "uda inguruan". Ekintzailetza teknologikoa sustatu gura dute esparru horretan, etorkizunean Debagoieneko industria sarea berritzea ahalbidetuko lukeena.

Mondragon Unibertsitateak ekintzailetza teknologikoa sustatzeko erabili gura du Uribarri auzoko Gautxori esparrua, garai batean Trefasa enpresa zegoena eta 26.221 metro karratu dituena.

Esparruak, orain gutxira arte, hiru jabe zituen. Mondragon Unibertsitatearena zen zati handiena: %90. Bestalde, Muñoa familiak jabetzaren %5 zeukan eta Garaia Parke Teknologikoak beste %5. Duela gutxi, halere, bi zati horiek erosi zituen unibertsitateak, eta esparruaren erabateko jabetza harena da.

Arrasateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean jasota dago Gautxori esparruaren urbanizazioa. Udalak %14ko jabetza dauka –zoru publikoa–, eta 2019ko maiatzeko osoko bilkuran 1.137.000 euroko ekarpena egitea onartu zuen udalbatzak.

Lau hangar ere botako dituzte

Unibertsitateak bota gura duen hangarretako bat.

Joan den astean hasi zituzten esparruan dauden bi baserriak eraisteko lanak. "Oso gertu daude Aramaio errekatik, eta, balizko uholde arriskuak ekiditeko, botatzea erabaki dugu, Jaurlaritzaren txosten bati jarraiki", azaldu du Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile Carlos Garciak. Horrez gain, esparru horretako beste lau hangar ere botako dituzte, uda inguruan hasita. "Dena den, ez da erraza izango, askotariko materiala daukagulako hor. Lehenengo, hustu egin behar ditugu hangar horiek, eta oraindik ez daukagu lekurik materiala uzteko".

CARLOS GARCIA: "EZINBESTEKOA DA PROIEKTUA GURETZAT, LEKURIK GABE GERATZEN ARI GARA"

Gaineratu du eraisten orain hasi diren arren hiruzpalau urte daramatzatela lanean. "Batetik, urbanizazio proiektuak egiteko epeak nahiko luzeak izaten dira, tramite asko egin behar izaten direlako. Bestetik, esparru horretan Trefasa lantegia egon zenez, ikerketa bat egin dugu, kutsatuta egon zitezkeen lurrak tratatzeko. Ondoan enpresarekin egin dugu ikerketa, eta ia bukatuta dago. Txosten bat prestatzen ari gara, eta, oraindik bukatu gabe dagoen arren, uste dugu ez dugula arazorik izango aurrera egiteko". Txosten horrek Eusko Jaurlaritzaren oniritzia beharko du, eta, gutxienez, sei hilabete pasako dira haren ebazpena jaso arte. "Gure asmoa da txostena lehenbailehen bidaltzea", dio Garciak.

Ekintzailetza erdigunean jarrita

Txostena lantzearekin batera, modu paraleloan, urbanizazio proiektua ere lantzen ari da Mondragon Unibertsitatea, LKS enpresarekin batera. Izan ere, Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaileak nabarmendu duenez, eskolak "ezinbestekoa" du horrelako proiektu bat. "Dagoeneko leku barik geratu gara eta gure jarduerak garatzeko eremu bat behar dugu aurrera begira".

Azaldu du "gizartean dagoen behar bati" erantzuteko asmoa duela proiektu berriak, eta esparru hori ekintzailetza bultzatzeko erabiltzea gura duela unibertsitateak. "Ondorioz, behin bukatuta, ekintzailetza arloan egiten ditugun jarduera guztiak esparru horretara bideratuko genituzke, baita jardunaldiak eta foroak ere".

Unibertsitateak sortuko duen gune horretan, ikasleen ekintzailetza sustatzearekin batera, enpresek ere lekua edukiko dute euren prototipo industrialak garatu ahal izateko. "Gutxi gorabehera, badakigu zer egin gura dugun, eta aztertzen ari gara nola egituratu. Ze ekintza mota garatuko ditugun esparru horretan? Horretarako, Fagorrekin batera kontzeptualizazio prozesu bat egiten ari gara, eta bukatzear daukagu. Garbi dagoena da bailarako industria berritu egin behar dugula, inguruarekiko begirada aldatu".

Uda ostean, hasteko moduan

Ondo bidean, uda ostean hasiko dituzte eremua urbanizatzeko lanak. "Errepide berri bat zabalduko da, Garaiatik zuzenean errekaraino eta erreka alboan, ekialdera, zubiraino. Zubian, lehenengo errepidearekin bat egingo du, ibaia zeharkatu eta Ikerlan eta Goi Eskola artean dagoen errepidetik jarraituz, bidegorriarekin, zuhaitzekin eta pasealekuekin. Garaiako biribilgunea urtea bukatu aurretik hasiko dira egiten, eta horrekin koordinatzea gurako genuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak