Zeresan handia ematen ari da Gautxori esparruaren baitan aste honetan eraistekoak ziren Uribe zubia, XVII. mendekoa. Edozelan ere, Mondragon Unibertsitateak atzera egin du, azpimarratuz "epe motzean", behintzat, ez dutela eraitsiko. "Egoeraren azterketa sakonagoa egiten ari gara", adierazi dute unibertsitatetik.
Izan ere, Gautxori esparrua gauzatzeko ez dute zubia eraisteko beharrik ikusten eta horretarako arrazoi bakarra Uraren Euskal Agentziaren agindu bat zela onartu dute.
Agentziatik, ordea, nabarmendu dute eurek ez dutela sekula zubia eraisteko agindurik eman. "Obra baimena eskatu ziguten, eta, gure esparruari dagokionez, baimentzeko modukoa zen esku-hartzea. Hau da, guk ez dugu ondare historikoaren gaineko eskumenik. Guk arlo hidraulikoa aztertzen dugu, uholde-arriskuak eta beste, eta alde horretatik ez zeukan inongo arazorik eskaerak. Beraz, obra baimendu genuen, besterik ez", gaineratu dute.
Udalean ere, nahasmena
Nahasmenaren aurrean, Arrasateko EH Bildu kexu azaldu da. "Udaleko Hirigintza Sailetik esan zaigu ur agentziak agintzen zuela zubia eraistea, eta orain badirudi ezetz. Hori ikusita, Arrasateko udal zinegotzi taldeak otsailaren 28an egindako Hirigintza batzordearen bileran bi eskaera egin ditu: eraisketa gelditzea behin-behinean eta Udaleko Hirigintza Sailak argitu dezala zubi honen inguruan gertatutako guztia".
Aldi berean, Maria Ubarretxena alkateak azaldu du lur horiek Mondragon Unibertsitatearenak direla eta Udalak ez duela zerikusirik. "Unibertsitatekoekin hitz egin dut eta oso haserre daude Uraren Euskal Agentziarekin, hasieran exijitu zielako zubia eraistea eta orain kontrakoa diotelako. Esan nahi dugun bakarra da asko poztuko garela zubia mantentzen baldin bada eta uraren agentziak bere iritzia aldatu badu".
Ondarea babestearen alde
Arrasate Zientzia Elkartea hasieratik azaldu da Uribe zubia eraistearen kontra, eta, gaiaren jarraipena egiten aritu ostean, 2021eko martxoan idatzi bat aurkeztu zuten Udalean. Idatzi horretan, besteak beste, zehazten zuten zubia babestu beharreko elementu moduan jasota dagoela Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean. Hala, Arrasateko Udalari egotzi zion "herriko ondarearekiko sentsibilitate gutxi" edukitzea, eta eraisketa ekiditeko eskatu zion.