Beste behin ere, Juan Arzamendi Musika Etxea izan da polemika iturri osoko bilkuran. Gobernuak onartu du atzerapena izaten ari dela obra, hainbat arrazoi tarteko: "Lurgoienen porrota, pandemia, Ukrainako gerraren ondorioz lehengaien prezioak gora egin izana, garraioaren greba eta abar". Halaber, Maria Ubarretxena alkatearen arabera, txostenek "garbi" esaten dute garraiolarien greba egon izana bakarrik nahikoa dela hilabeteko epea emateko. "Guk ez dugu ezer asmatu, LKSk eta gure teknikariek egindako txostenetan dago hori", gaineratu du.
Oposizioak, ordea, ez du hala uste. "Luzatu eta luzatu ari dira obra, eta ez dira ari betetzen enpresa eraikitzailearekin daukaten kontratua", azaldu du Maider Morras EH Bilduko bozeramaileak. "LKSk argi esan du atzerapen hori ez dagoela justifikatuta eta berme horiek egikaritu gabe, atzeratzeko baimena ematen ari da Gobernua. Kontuan hartu behar dugu Construcciones Moyua enpresak 3.000 euro zor diola Udalari atzerapen egun bakoitzeko, eta Gobernua ez da ari hori egikaritzen. Beraz, hori da exijitzen ari garena".
Podemos Arrasateko Eva Abuinek zera gehitu dio horri: "Adibidez, herritarrei pandemia garaian laguntzak epez kanpo aurkeztu izan dituztenean diru hori bueltatzea eskatu die Udalak, baina enpresari ez zaio eskatzen zor duen diru kopuru hori bueltatzea".
Ubarretxenak adierazi du eraikina bere garaian Sprilurren eskuetan zegoela eta Udalak "ahalegin ikaragarria" egin zuela eraikina bereganatzeko, musika etxea egiteko. "Joan zen agintaldian eraikina gureganatzeko egin genuen hitzarmenean ere oposizioak aurka bozkatu zuen. Era berean, oposizioak bazeukan proiektu bat eraikin hori bota eta etxebizitza libreak eraikitzeko. Beti egon izan dira proiektuaren aurka. Oso ondo dago esatea kulturaren alde daudela, baina erabakiak hemen [udalbatzan] hartzen dira, eta horietan ezezkoa eman dute hasieratik", dio.
Morrasek azpimarratu du ez dela egia proiektuaren aurka daudela. "Gu Gobernuan egon ginenean, URA agentziak ez zigun uzten eraikina berreraikitzen, errekatik oso gertu dagoelako. Hori dela eta, beste proiektu batzuk egon ziren, baina gu ez gaude kulturaren aurka. Mingarria da guretzat hori entzutea. Kulturola gure proiektua da eta Juan Arzamendi Musika Etxearen alde gaude, noski, EH Bilduko zortzi zinegotzietatik erdiak bazkideak gara-eta". Hala ere, kudeaketa "oso eskasa" izaten ari dela dio, "eta hori estaltzeko, Gobernuak esaten du EH Bildu proiektuaren aurka dagoela".
Abuinek ere gauza bera nabarmendu du: "Epa luzatzearen kontra azaldu gara eta ez, Gobernuak dioen bezala, proiektuaren aurka. Gu proiektuaren alde gaude".
Amaia antzokiko alokairuaren harira
Horrez gain, apirilaren 12ko osoko bilkuran onartu zuten 2022ko ordenantza fiskalen aldaketa, behin behinean. Kepa Urteaga EH Bilduko zinegotziak osoko bilkura hartan esan zuen aldaketa behar zuela epigrafeetako batek, eragileek Amaia antzokia alokatzen dutenean %100eko hobaria izan dezaten, baina aldaketa hori egin gabe onartu zuten puntua.
Morrasek dio bere garaian ez zela Kultura batzordetik pasatu gai hori, zuzenean Gobernuak erabaki zuela, eta erabaki hori "gaizki" hartu zutela. "Hori dela eta, herriko kirol eragile batek ekitaldi bat egiteko eskaera egin zuen eta diru kopuru bat ordaindu behar izan zuen. Kepa Urteaga aspalditik ari da eskatzen ordenantza aldatzea, eta zorionez, aldatu egin dute".
Gobernuak onartu du akatsa, eta gaurko osoko bilkuran onartu dute behin betiko aldaketa, eragileek tasarik ordain ez dezaten Amaia antzokia alokatzen dutenean. Ubarretxenak adierazi du bere garaian Urteagari esan ziotela batzordera eramateko gaia. "Gaiak batzordean lantzen dira eta batzordean ez zuten proposamenik egin. Gerora etorri da proposamen hori eta ez daukagu ezer horren kontra. Beraz, alde bozkatu dugu, baina eskertuko genuke lanketak batzordeetan egitea".
Adierazpen instituzionala ere bai
Podemos Arrasateren ekimenez, Arrasateko guraso bakarreko familiak egiaztatzeari buruzko adierazpen instituzionala adostu du udalbatzak, eta hala dio:
Hamarkada batean indarrean izango den Demografia Estrategiari buruzko norabidea, lehentasunak eta ekimen garrantzitsuenak talde parlamentarioen artean eztabaidatu, partekatu eta zehazteari buruzko eztabaida monografikoaren inguruan.
Arrasateko Udaletik eskatzen dugu ondorengoa:
- Gure gizartean dauden guraso bakarreko eta guraso bakarrekotasun kontzeptua zehazten duen araudi egokiaren garapena sustatzen da.
- Irizpide bateratuen bidez, guraso bakarreko eta guraso bakarreko familiei laguntzeko printzipio, eskubide, zerbitzu eta prestazio espezifikoak ezartzen ditu, ekintza positiboko neurriak eta beste batzuk ezarriz, Arrasaten pobreziaren feminizazio eta haurtze testuinguruaren arteko harremanak sortzen laguntzeko.
Hori dela eta, Agurne Juldain Madres Solteras Por Eleccion (MSPE) elkarteko kideak eskerrak eman dizkie alderdi politikoei. "Pozgarria da gai batzuetan guztiok ados gaudela ikustea. Elkartearen izenean, prest gaude lanerako, lanean ari gara instituzioekin eta zuek gu aintzat hartzea gurako genuke gauzak egiterako orduan".