TAOren ordenantzako aldaketei dagokiona hasierako onarpena baino ez da, izan ere, orain alegazio epea irekiko da, eta puntua berriro pasa beharko da osoko bilkuratik. "Alegazioak aurkeztu ostean, behin betiko onarpena emango diegu aldaketei osoko bilkuran", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.
EH Bilduko bozeramaile Maider Morrasek adierazi du aldaketetako asko haiek proposatutakoak direla, doakotasuna, esaterako, eta horrekin pozik daudela. Edozelan ere, abstenitu egin da koalizio abertzalea. "TAOren ezarpena ezegokia izaten ari da. Osoko bilkurara etorri izan dira erreferendum bat eskatzera eta ez zaie erantzun ere egin eta, aldi berean, Erguingo auzo-alkateak galdeketa egin du, udaltzainak bidali zaizkio eta ofizializatu egin da. Herriak ez du ulertzen noraino Gobernuak nora heldu nahi duen TAOrekin", dio Morrasek.
Podemos Arrasatek aurka bozkatu du puntu horretan eta erreferenduma eskatuz aurkeztu duten mozioak ez du aurrera egin. Mozio horretan bi eskaera egin ditu alderdi moreak: "Batetik, Arrasateko Udalari eskatzen diogu Erguingo auzo-alkatetzaren urratsak jarraitzeko eta erreferendum bat egiteko Arrasateko bizilagun guztien artean, Eragin plataformak jasotako ia 4.000 sinadurek eskatu bezala. Bestetik, Gobernu taldeari eskatzen diogu egin dezala erreferendum bat arrasatear guztien artean, gure herrian TAO sistema ezartzeari buruz". Hala ere, esan moduan, udalbatzak ez du onartu.
Amaia antzokiko alokairuaren harira
2022ko ordenantza fiskalean aldaketak egitea ere onartu du udalbatzak, nahiz eta eztabaida piztu duen puntu batek. Arrasateko irabazi asmorik gabeko elkarteek Amaia antzokia erabiltzen dutenean alokairua ez kobratzeko baldintza batean egon da gakoa, diru irabazirik ez dela egongo jartzen baitu ordenantzan. Hori dela eta, EH Bildu aurka azaldu da.
Kepa Urteaga EH Bilduko zinegotziak azaldu du onartezina dela diru irabazirik ez egotea. "Aldaketa honekin etekina murriztu egiten da eta elkarteei ez die merezi izango ekintzak antolatzerik haien egunerokoari aurre egiteko. Ekintza bakoitzeko fiskalizatu egin behar ditugu elkarteak?".
Edozelan ere, Anuska Ezkurra Gobernuaren bozeramaileak nabarmendu du arlo horretan ez dela aldaketarik egongo eta egin duten bakarra izan dela, kultura elkarteez gain, bestelako elkarte guztiei zabaltzea antzokia doan erabiltzeko aukera. Halaber, alkateak EH Bilduri leporatu dio bide horretan oztopoak jartzea. "Ahoz esaten dute kulturaren alde daudela baina osoko bilkuretan bozka beti da aurkakoa: Kulturolaren aurka, Juan Arzamendi Musika Etxearen aurka, Amaia antzokiko alokairuaren aurka...Oso penatuta gaude".
EH Bilduk, hala ere, gogor ukatu du salaketa hori. "Oso gogor esan gura dut hori ez dela egia. Ez da bidezkoa lege honekin kultura eragileei trabak jartzea eta, beste alde batetik, eskatzea, adibidez, sanjuanetan dohain parte hartzea, eta hori gertatzen ari da. Jakin dezala herriak kulturaren alde norbait badago eta egon izan bada, hori Arrasateko ezker abertzalea eta EH Bildu dela". Gaineratu du "oso nekatuta" daudela entzuteaz Gobernuari oztopoak jartzen dizkiola oposizioak: "Guk Gobernuaren fiskalizazioa egiten dugu eta neurri honekin kulturari eraso bat egiten zaio, nahiz eta alkateak onartu ez".
Sei dirulaguntza lerro berri
2020-2023 epealdirako Arrasateko Udalaren Dirulaguntzen plan estrategikoaren 5. aldaketaren baitan, sei dirulaguntza lerro berri ere onartuta geratu dira, tartean Kulturolako eragileei lekualdaketa egiteko laguntza edota Goikobalu abesbatzari bideratutakoa, eta hor ere aurka bozkatu izana leporatu dio Gobernuak oposizioari.
Koalizio abertzaleak azaldu du ez daudela dirulaguntza horien aurka, baizik eta laguntza horiek nori eta nola eman Udal Gobernuak bakarrik eta oposizioarekin kontsultatu gabe erabakitzearen aurka daudela. "Dirulaguntzak batzordez batzorde aztertu behar dira, eta ez ogasun batzordean soilik, orain egin den moduan", gaineratu du EH Bilduko Joseba Ezpeletak.
Saharari babesa emateko hiru mozio
Bestalde, Mendebaldeko Saharari babesa adierazteko hiru mozio onartu ditu udalbatzak, horietako bi, berdin-berdinak, Ezker Anitzak eta Podemosek aurkeztutakoak, eta horrek agerian utzi du alderdi politiko guztiek adostasunak lortzeko dituzten gabeziak.
Lehenik, Ezker Anitzako Juankar Davilak hartu du berba: "PSOEk izandako jarrera aldaketa tristea izan da. Guk lanean jarraituko dugu saharar herriaren autodeterminazioa lortu arte. Arrasatek beti erakutsi du errespetua eta elkartasuna Mendebaldeko Sahararekiko eta hau une egokia da Udalak berriz elkartasun hori erakusteko".
Saleh Salek Debagoieneko Saharar Kolektiboaren bozeramaileak hartu dio lekukoa gero: "PSOEren benetako politika agerian geratu da. Nola hartu dezake guri eragiten digun erabaki bat sahararrokin kontsultatu gabe? Nire herria defendatzen dut, baina ez dut ezagutzen. 47 urte daramatzagu deserrian".
Azkenik, hainbat emakume sahararrek ere hitz egin dute: "Lotsagarria da, eta egoera honek asko eragiten digu sahararroi. Arrasateko herriak dezepzionatu egin gaitu. Ez dugu babesik jaso eta marokoarrak garela ere esan izan digute. Beraz, informa daitezela eskatzen diet arrasatearrei eta babesa eskatzen diogu udalbatzari".
Anuska Ezkurra Gobernuaren bozeramaileak elkartasun adierazi die Mendebaldeko Saharako herritar guztiei. "Zuei entzunda, argi geratu zaigu etxeko lanak ditugula egiteko, herri bezala gabezia batzuk ditugula, eta ahal den neurrian, saiatuko gara horiek konpontzen".
Era berean, hiru mozioetatik bi berdin-berdinak izan dira, Ezker Anitzak eta Podemosek aurkeztutakoak, eta horrek agerian utzi du alderdi politiko guztiek adostasunak lortzeko dituzten gabeziak.
Alderdi sozialistak aurkako botoa eman du hiru mozioetan, Espainiako Gobernuaren jarrera justifikatuz: "Sahararendako etorkizun hobe bat posible izango da bi aldeen inplikazioarekin bakarrik. Konponbide politiko bat behar du gaiak, eta uste dugu Espainiako Gobernuak hartu duen jarrera egokiena dela konponbide hori lortzeko", adierazi du Victoriano Fuentes zinegotzi sozialistak.
Banku publikoa eskatzeko mozioa, onartuta
Azkenik, Arrasateko Pentsiodunen Batzarrak banku publikoa eskatzeko mozioa aurkeztu du, bi printzipiotan oinarrituta: "Batetik, gehien duenari gehiago kobratzea, eta kudeaketaren kostua zerbitzu horretaz gehien baliatzen direnei egoztea. Bestetik, behar den arreta presentziala ematea, bezeroek arreta hori jaso dezaten. Kontuak eta ordainagiriak kudeatzean sortzen zaizkien arazoei erantzun ahal izateko".
Hiru ordu iraun ditu saioak eta eten bat ere egin behar izan dute, udal ordezkariak komunera joateko.