Juan Arzamendi Musika Etxea bukatzeko epea luzatu dute, baina polemika handiarekin

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko mar. 10a, 21:23

Arrasateko udalbatzak martxoko ezohiko bilkura egin du gaur, eguena. Musika etxeari dagokionez, bigarren zatia egiten ari den Construcciones Moyua SL enpresak hiru hilabeteko luzapena eskatu du obra amaitzeko, hainbat arrazoi argudiatuz, eta udalbatzak onartu egin du, baina oposizioko bi taldeek aurka bozkatu dute, Udal Gobernuari "gestio penagarria" leporatuta.

Victoriano Fuentes zinegotzi sozialistak hartu du berba lehenik, epea luzatzeko arrazoiak azaltzeko: "Eraikitze materialekin arazoak egon dira, material falta egon da; bestetik, omikron aldaeraren intzidentzia-tasa altuak atzerapenak eragin ditu; horrez gain, kalitate kontrolean ere arazoak izan dira eta kutsatutako lur batzuk ere bazeuden", azaldu du. "Beraz, obra zuzendaritzak egindako txostenak dio luzapena justifikatuta dagoela eta udal teknikariek onartu egin dute epe hori luzatzea". Hala, 2022ko ekainaren 6an ezarri dute amaiera data.

Oposizioak, ordea, gezurretan aritzea leporatu dio Gobernuari. "Krean S.Coop. enpresaren txostenak ez du inondik inora justifikatzen atzerapen hori. Are gehiago, sei ondorio ditu txostenak eta puntu bakar batean ere ez ditu arrazoiak baieztatzen", adierazi du EH Bilduko zinegotzi Kepa Urteagak. Podemos Arrasako Eva Abuinek gaineratu du atzerapen egun bakoitzeko 3.000 euro inguruko isuna ordaindu beharko duela enpresak. "Gobernu honek malgutasuna dauka enpresekin eta herritarrekin ez. Atzerapenak barkatu egiten dizkie enpresei eta herritarrei ez".

Horrekin batera, osoko bilkuraren eskumenaren zati bat Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzea ere onartu du udalbatzak, baina hor ere aurka azaldu da oposizioa. "Hitza eman zenuten komisio informatibo bat egongo zela oposizioari informatzeko eta ez da bilera bat bera ere egin", nabarmendu du Maider Morras EH Bilduren bozeramaileak. Fuentes sozialistak erantzun dio batzordeetan eman dutela informazio guztia.

Maria Ubarretxena alkateak, era berean, azpimarratu du garrantzitsuena dela musika etxea, "lehenago edo beranduago", bukatuko dutela. "Ez dut ulertzen oposizioak zergatik bozkatzen duen aurka".

Osiñako bidegurutzea eta oinezkoendako pasabidea

EH Bilduk Osiñako biribilgunean oinezkoentzako pasoa bermatzeko mozioa aurkeztu du udalbatzan, baina ez da onartu, Udal Gobernuak aurka bozkatu du-eta. Kepa Urteagak hartu du berba lehenik, azalduz Osiñalde baserria "guztiz isolatuta" dagoela saihesbidearen eta autobidearen artean. "Autoz bakarrik irten daitezke etxetik". Horrez gain, adierazi du bide horretatik ehunka herritar pasatzen direla txangoan, "horrek daukan arriskuarekin".

Hori hala, baserriko bizilagunek eta baita Musakolako auzo-alkatetzak, oinezkoendako pasabide bat egiteko eskaera aurkeztu zuten udaletxean, baina ez dute erantzunik jaso, Urteagaren esanetan. "Aurrekontuak jorratzerakoan, EH Bildu udal taldeak ere eskaera sartu genuen, eta ez genuen erantzunik jaso, gaia landu ere ez zen egin".

Anuska Ezkurraren baja dela eta, Ander Garayk egin ditu bozeramaile lanak, eta zera erantzun dio oposizioari: "Mozioa jaso genuenean, egoki ikusita, Aldundiko Bide Azpiegituretako departamenduarekin kontaktuan jarri ginen. Azaldu genion zein zen proposamena eta, ahal izan ezkero, aztertzea eskatu genion. Aldundiaren erantzunak dio egun ez dela existitzen oinezkoendako biderik hor, eta bazterbidetik pasa behar direla oinezkoak. Beraz, ahalik eta bazterbide zabalena egitea aztertzen ari direla esan digute eta, era berean, obrak hainbat hobekuntza ekarriko dituela inguru horretan. Pausoak eman ditugu eta kontaktuan jarraitzen dugu Aldundiarekin. Beraz, mozioak ez dauka zentzurik". Hori dela eta, aurka bozkatu du Udal Gobernuak, eta ez da mozioa onartu.

Oposizioa, "etsita", Gobernuaren jarrerarekin

Podemos Arrasate udal taldeak, bestalde, TAOren ordenantza aldatzeko prozesu parte-hartzaile ireki bat egiteko mozioa aurkeztu du. "Astelehenean, batzordean, esan ziguten astebete geneukala proposamenak egiteko eta 48 beranduago prentsan azaldu ziren aldaketak iragartzen. Zein da EAJren parte-hartze eredua? Selektiboa?", dio Abuinek.

Garayk, Abuini erantzunez, nabarmendu du TAO arautzen duen ordenantza prozesu parte-hartzaile 2020ko urtarrilean jarri zela martxan, alderdi guztien adostasunarekin. "Informazio puntuak jarri ziren, bi bilera ireki egin ziren, hainbat puntutan kutxak jarri ziren ekarpenak jasotzeko eta 600 ekarpen jaso ditugu. Era berean, BAZen hainbat iradokizun jaso ditugu eta hainbat aldaketa iragarri ditugu". Beraz, Gobernuak aurka bozkatu du eta mozioa ez da onartu.

EH Bildu abstenitu egin da puntu horretan, "aldaketetako asko" haien proposamenak zirelako. Hala ere, Morrasek azaldu du "etsita" dagoela Gobernuaren jarrerarekin. "Ez dituzue galderak erantzuten, zintzotasun falta izugarria duzue herriarekiko. Ze elkarlan daukagu? Non dago gure arteko errespetua eta komunikazioa? Barre egiten diguzue aurpegira eta ez zaizue axola". Abuinek ere bat egin du horrekin.

Udaltzaingoaren araudia ere, onartuta

Onartutako beste puntuetako bat Udaltzaingoaren araudia izan da, baina oposizioa abstenitu egin da. "Aukera paregabea galdu da Udaltzaingoaren eredua lantzeko. Guk eta sindikatuek proposamenak egin ditugu eta onartu egin dira. Bat, esaterako, herritarrei lehen hitza euskaraz ematea. Beraz, eskerrak eman beharrean gaude, baina eredua lantzeko aukera galdu dugu", dio Morrasek.

Horrez gain, bake epailearen ordezko berria izendatzea ere onartu du udalbatzak. Izan ere, Aitor Isasa Aranburuzabalak uko egin dio kargu horri eta haren lekua Julen Belategi Bragadok beteko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak