Auzitegi Gorenak Fagor eta Edesako langileen eta MCCren arteko kasua aztertuko du

Jon Irizar Aranguren 2022ko eka. 9a, 18:09

Ordaindu eta Eskuratuk Mondragon Korporazioaren aurka ezarritako demandaren gaineko epaiketako une bat, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Goiena)

Hartzekodunen konkurtsoan sartu ostean, Fagor eta Edesako 900 langile baino gehiagok bide judiziala lantzeko erabakia hartu zuten. Bergarako epaitegiak atzera bota zuen auzi eskea, eta berretsi egin zuen epaia Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. Auzibidearekin jarraituz, kasazio helegitea jarri zuten langileek Espainiako Auzitegi Gorenean, eta gaur bertan jakitera eman dutenez, onartu egin du auzitegiak eskaera.

2013an Fagor Etxetresnak kooperatiba arrasatearra eta Edesa hartzekodunen konkurtsoan sartu ostean, bide judizialari ekiteko erabakia hartu zuten bi enpresetako 900 langile baino gehiagok, Ordaindu eta Eskuratu gisa izenpetutako elkarte bidez. Bergarako lehen zenbakiko epaitegiak atzera bota zuen auzi eskea 2018ko uztailaren 27an, Mondragon Korporazioak aurkeztutako lehen alegazioa argudio hartuta: auzi eskea preskribatuta zegoela. Hala, ez zuten "gainerakoa aztertu beharrik izan", eta absolbitu egin zuten "auzi jartzaileen asmo guztietatik".

2018ko irailaren 7an erabaki zuten Ordaindu eta Eskuratu elkarteetako kideek epaiari Gipuzkoako Lurralde Auzitegian helegitea aurkeztea. Ia urtebete geroago, 2019ko uztailaren 2an, heldu zen ebazpena: Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Mondragon absolbitu zuen, Bergarako epaitegiaren ebazpena berretsiz. 

Auzibidearekin jarraituz

Ia hiru urte igaro dira geroztik; auzibideak, baina, beste jauzi bat eman du gaur. Ordaindu eta Eskuratu elkarteetako kideek errekurtsoa jarri zuten Espainiako Auzitegi Gorenean, kasazio helegitea aurkeztuz; hots, Gorena baino maila baxuagoko auzitegia batek –Bergarako epaitegia zein Gipuzkoako Lurralde Auzitegia, esaterako– hartutako erabakia Gorenak berak berriz aztertzeko eskaera egin zuten langileek.

Bada, gaur bertan ohar bidez adierazi dutenez, helegitea onartu dute Madrilen. Albiste "garrantzitsua" dela adierazi dute, "onartuak izaten ez diren kasazio helegiteen ehuneko handiagatik".

Behin betiko ebazpena

Afera, beraz, Espainiako Auzitegi Gorenaren eskuetan dago; langileen hitzetan, "urrats garrantzitsua da balizko irtenbide bat bilatzeko". Datozen hilabeteetan ezagutuko da behin betiko ebazpena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak