Europako taldekideei iraunkortasun energetikorako hemengo ekimenak azaltzen ari zaizkie

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko api. 27a, 13:35

Trantsizio energetikoa jomuga duen SHREC proiektu europarreko kideak Arrasaten izango dira gaurtik egubakoitzera. Bertako Udalarekin batera etorkizun iraunkorrago baterako lanean diharduten zazpi herrialdetako eragileetako ordezkariak dira, 30etik gora lagun. 

"Ekologiari begira denok daukagun betebeharra da; erronka oso garrantzitsua dugu hor. Eta Arrasateko Udalak, nola ez, erronka horri ekin egin nahi dio, eta horretaz hitz egitera gatoz gaur. Beste herrialde batzuetako esperientziak ezagutzeko aukera izan dugu, eta, hiru egun hauetan, gure esperientziak ezagutzera eta bertatik ikastera etorri dira atzerritar horiek", adierazi du Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak.

SHREC proiektuari esker Udalaren ordenantzetan egindako zenbait aldaketaz jardun du alkateak topaketa ireki duen gobernantza ereduen inguruko saioan: "Orain arte ez zen posible baserrietan plaka fotovoltaikoak instalatzea teilatuetan, ordenantzak ez zuen hori baimentzen, eta, adibidez, aldaketa hori egin dugu, baimentzeko; beste adibide bat, esate baterako, obren gaineko zergetan-eta, hobari oso potenteak jarri ditugu, baldin eta berriztagarrien arloko osagaiak instalatzen badituzte".

Aldundiko Ingurumeneko zuzendari Monica Pedreirak, berriz, berriki onartutako 2050era begirako Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategia izan du hizpide; eta, tartean, herritarrentzako komunitate eta kooperatiba energetikoak. Gaur egun, bi daude martxan, Zumarragan eta Larraulen, eta Aldundiak aurreikusten du, ingurumen onuraz gain, herritarrek, batez beste, urtean 590 euro aurreztea argindar fakturetan: "Energia berriztagarriaren eta autokontsumoaren bidez lortzen da hori. Oso instalazio sinpleak dira, Udalekin lankidetzan egiten ditugunak; sabai publikoak laga eta herritarren esku uzten dituzte, eta komunitate energetiko bat sortzen da horrela. Herritarrek ordaintzen duten fakturaren zati handi bat bidesari deritzenak dira; autokontsumoarekin, kontzeptu hori desagertu egiten da".

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari Iñigo Ansolak, azkenik, gero eta aerosorgailu eta eguzki plaka gehiago jarri beharraz jardun du. Horiek ingurumenean duten inpaktua onartuta, onura ere aintzat hartu beharra nabarmendu du, eta berriztagarrien azpiegiturak nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin bateragarri egin ahal izateko erronka aipatu. Izapide administratiboak arindu beharraz ere baziharduen: "Europatik bertatik datorkigun agindua da ahalegin berezia egin behar dela prozedura administratiboak murrizteko. Zergatik? Helburu oso garrantzitsuak jarri dira, epe motz baten. Ikusi besterik ez dago Europa osoan nolako menpekotasuna dugun beste herrialde batzuekiko, Ukrainako inbasioaren ondoren agerian geratu den modura".  

Gaurko eta biharko askotariko saioen ostean, azpiegitura energetikoak ezagutzera joango dira topaketako parte-hartzaileak egubakoitzean. Arrasateko Udalarekin batera, gaia lantzeko hark sortutako taldean dihardute Debagoiena 2030 ekimenak, Mankomunitateak, Fagor Taldeak, Goienerrek, H-enea Living Labek, Ikerlanek eta Mondragon Unibertsitateak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak