SHREC taldeko trantsizio energetikoaren inguruko adituak, laster, Arrasaten

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko api. 11a, 14:52

Trantsizio energetikoa lantzea helburu duen SHREC erakundeko 30etik gora ordezkari Arrasaten izango dira Pazko osteko egunetan. Europa osoko ordezkariak izango dira bailaran, eta Arrasaten, eskualdean zein Euskal Autonomia Erkidegoan martxan dauden ekimenak ezagutzera etorriko dira. 

Arrasateko udaletxean egingo zaie harrera hilaren 27an. Ondotik, askotariko proiektuak erakutsiko zaizkie; hala nola, Fotovoltaikoak etxean egitasmoa, Ekiola proiektua, Debagoiena 2030 proiektuaren energia portfolioa, Mondragon Unibertsitateak Ederlaneko labeen beroa baliatuz ezarri nahi duen berotze sistema, edo eskualdeko kooperatiben ekosistema. Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak uste du halako topaketak garrantzitsuak direla, eta trantsizio energetikoa ekidin ezinezko erronka dela. "Trantsizio energetikoa urruti gelditzen den kontu bat da agian batzuendako, baina bai edo bai datorren kontu bat da eta aurre egin beharrekoa, eta herri moduan Arrasatek ere badu bere ardura gai honetan. Tokatzen zaigu Europako programa horren baitan kanpoko bazkideei erakustea Arrasaten eta bailaran zer egiten dugun honen inguruan".

Irteerak eta bisitak

Irteerak eta bisitak ere egingo ditu nazioarteko ordezkari taldeak. Esaterako, Kulturola eraikina, Ikerlan edota Emaus ekozenterra bisitatuko dituzte. Hainbat dira trantsizio energetikoaren bidean urratsak emateko lanean diharduten eragileak gurean.  Gaurko ekitaldian izan dira, esaterako, Ekiola elkarteko Amagoia Barandiaran, Fotovoltaikoak etxean egitasmoa garatu duen H-Enea Living Lab taldeko Eukene Barrenetxea edo Fagor Taldeko Aritz Otxandiano.

Bi ekitaldi, publiko osoari zabalik

Hiru eguneko egitarauaren barruan bi hitzordu izango dira herritar orori zabalik, eta Garaiako auditorioan egingo dituzte. Alde batetik, apirilaren 27an goizeko 11:00etan gobernantza ereduen inguruan egingo den aurkezpena. Hitza hartuko dute, besteak beste,  Arrasateko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko zein Euskal Energia Erakundeko ordezkariek. 

Irekia izango den, baita ere, energia komunitateen inguruko mahai ingurua, apirilaren 28an. Mahaiaren bueltan izango dira, Ea herriko alkatea, Ekiola egitasmoko ordezkariak zein Goiener kooperatibako kideak. Parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea udal webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak