Maiatzean abiatuko dute Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiban izena emateko prozesua

Uxue Igarza Loiola 2022ko api. 8a, 12:31

Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibako bazkide izateko aurretiko izen-ematea abiatuko dute maiatzean. Hala iragarri dute gaur, Kooperatibaren asmoa gauzatzeko estrategikoa izango den lekuaren aurrean. 

Kooperatibaren bilakaeran beste urrats bat egingo da laster: sozializazio prozesua. Maiatzean, Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan herritarrentzako hitzaldiak egingo dira Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibaren xehetasun guztiak azaltzeko eta egon daitezkeen zalantzak aurrez aurre argitzeko. Hitzaldi horietan aukera egongo da aurretiko izen-ematea egiteko; hots, bertan izena ematen duten herritarrek lehentasuna izango dute bazkidetza prozesua abiatzen denean.

Maiatzaren 3an Arrasaten egingo da hitzaldia, 18:30ean, Amaia Udal Antzokian. Aretxabaletaren txanda maiatzaren 10ean izango da, 18:30ean, Arkupen. Eskoriatzan, berriz, maiatzaren 12an egingo da, 18:30ean, Antzokian. Bukatzeko, maiatzaren 16an, Leintz Gatzagaren txanda izango da, 18:30ean, Kultur Etxean. 

Energia berdea eta zero kilometrokoa

Bailaran kontsumitzen den energiaren %95 baino gehiago kanpotik datorrela eta gehiena jatorri ez berriztagarrietatik eratorria dela kontuan hartuta, "trantsizio energetikoari ekiteko" Leintz Bailarako kooperatiba aurkeztu zuten urrian.

Helburua bazkideak instalazio fotovoltaikoen jabe izatea da, eta kontsumo elektriko osoaren baliokidea den energia-bolumena sortzea; beste modu batera esanda, kanpoko energia iturriekiko "mendekotasuna murriztea" eta "energia berdearen alde" egitea. 

Horretarako, Arrasateko Garaia Berrikuntza Guneko lurretan plaka fotovoltaikoen eguzki-parke bat jarriko dute. Kalkuluen arabera, 500 bat familiari eman ahalko die zerbitzua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak