Aldundiak hartu ditu Osiñan biribilgunea jartzeko obraren kostuak bere gain, lotuneko "bide segurtasuna hobetzeko eta trafikoaren abiadura murrizteko" helburuarekin. EH Bilduko ordezkarien esanetan, oinezkoen segurtasuna ez du guztiz bermatuko proiektuak, "tunelean errepidea eta oinezkoen bidea piboteekin bereizten ez badira".
Aldunditik adierazi dutenez, "ezinezkoa da" tunelean piboteak edo elementu finkoak jarriz oinezkoen eta ibilgailuen arteko ibilbideak banatzea, "espaziorik ez dagoelako". Bestalde, gehitu dute "arduragabekeria" dela "aisialdiko ibilbide baten trazatua bertatik mantentzea eta sustatzea, are gehiago GI-627aren eta AP-1 aren beste aldean kokatzen diren basoetara joateko beste aukera batzuk existitzen direnean". Biribilgune berriarekin oinezkoen segurtasuna hobetuko dela adierazi dute Aldunditik, alde batetik ibilgailuen abiadura jaitsi egingo delako, eta, bestetik, oinezkoek "metro bateko zabalerako bazterbidea" izango dutelako.
Bazterbidea baino, bide publikoa dela gogoratu dute EH Bildutik. Erabaki definitiboa lanek iraun bitartean hartu beharko du obraren zuzendaritzak.