Biribilgune bat egingo dute Osiñan, bidegurutzea kenduta

Eneko Azurmendi 2021ko urr. 7a, 11:50

Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgune bat egingo du Arrasaten, Osiña-Ospitaleko lotunean, "bide segurtasuna hobetzeko eta trafikoaren abiadura murrizteko" helburuarekin. Datozen asteetan lizitatuko dute obra eta datorren urte hasieran hasiko dituzte lanak, aurreikuspenaren arabera.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak nabarmendu duenez, Aldundiak "beti" eduki izan du bidegurutze hori ordenatzeko nahia. "Ospitalerako bidea erraztu gura dugu, izan ere, garrantzi handia ematen diogu bide segurtasunari eta esku-hartze honek horri erantzuten dio. Lau adarreko bidegurutze bat da eta horietatik hiruk stopa daukate. Lehentasuna GI-627tik datorrenak daukan arren, jendeak askotan ez daki nork daukan lehentasuna eta horrek istripu txikiak eragin izan ditu, nahiz eta oso larriak ez izan".

Horri konponbidea emateko asmotan egingo dute biribilgunea. Proiektuak 168.108,57 euroko inbertsioa izango du eta ez da oso biribilgune handia izango, "leku handirik ez dagoelako", Oiarbidek aurreratu duenez. "Alde batean Deba ibaia dago eta bestean, GI-627 errepidearen zubia", dio diputatuak.

Bestalde, diseinatu duten biribilguneak 19,20 metroko kanpoko diametroa dauka eta 5 metro zabaleko barne eraztuna. "Gainera, biribilgunearen 8,10 metroko eraztuna zapalgarria izango da, ibilgailu astunek eta autobusek biraketa maniobra errazago egin dezaten". Era berean, saihesbidetik datozen ibilgailuen abiadura mantsotuko dela azaldu du Oiarbidek, eta mugimenduak erraztuko direla gaineratu. Azkenik, inguru horretako argiztapena "nabarmen" hobetuko duen 250W potentziako LED argiteria ere jarriko dutela aurreratu du foru diputatuak.

Esan moduan, lanak urtarrilean hasiko dituzte, aurreikuspenak betetzen badira, eta martxorako bukatuta egongo lirateke, zortzi asteko obra izango da-eta. "Trafikoan eragina izango du, baina saiatuko gara ahalik eta txikiena izaten".

"Berri pozgarria" da Arrasaterentzat

Maria Ubarretxena alkateak azaldu du "oso berri pozgarria" dela Arrasaterentzat eta eskerrak eman dizkio Aldundiari egingo duen inbertsioagatik. "Guztiok ezagutzen dugu bidegurutzea, lau adar dituena eta bailarako jende asko sartu eta irteten dena, kontuan izanda Debagoieneko Ospitalea daukagula bertan. Trafiko askoko zonaldea da, bidegurutze zail bat, eta biribilguneak asko erraztuko ditu sartu-irtenak, abiadura murrizteaz gain". 

Hala, biribilgunearekin, bide segurtasuna "nabarmen" hobetuko dela gaineratu du, "bai auto, autobus, bizikleta eta abarrena, baina baita oinezkoena ere". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak