ALBISTEAK

Konfekoop-ek aitortza berezia egin dio umezaintzari

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mar. 8a, 15:59

Konfekoop, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak eta Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseiluak aitortza berezia egin dio gaur, Martxoaren 8an, Gasteizko Goiuri jauregian, Arrasateko Umezaintza zentroari, Udapa nekazaritzako elikagaien kooperatibari eta Arantza Laskurain abokatuari "kooperatibismoaren barruan aukera-berdintasunari eta Euskadiko emakumeen ahalduntzeari egindako ekarpenarengatik".

Umezaintza 1971an sortu zen eta estatuko lan-arloko lehenengo haurtzaindegia izan zen. Auzolagun kooperatiba sortu zuten hamazazpi emakumeen ekimena izan zen; haiek lan egiten zuten bitartean, seme-alabentzako beharrezkoa zuten kontziliazio-zerbitzu hori. "Aurrekaririk gabeko ekintza izan zen, harro sentiarazten gaitu eta merezi duen garrantzia eman nahi diogu", nabarmendu du Rosa Lavín Konfekoop-eko presidenteak.

Estatuko lan-arloko lehengo haurtzaindegia

"Hasieran, langileen seme-alabak soilik zaindu zituzten arren, laster hasi zen Arrasate guztiko haurrak hartzen eta zaintzen", adierazi du Arrasateko Umezaintzako Arantxa Lejarragak. "Bere garaian lan-ministerioan inskribatu zuten, estatuko lehenengo zenbakiarekin. Orduko bi irakasle eta gaur egungo bi irakasle egon gara ekitaldian, laurak emakumezkoak".

Aurrekaririk gabeko ekintza izan zen, eta merezi duen garrantzia eman nahi izan diote emakume horiei Konfekoop-etik. Era berean, orduko emakumeek egindakoaz gain, gaur arte eman diren urratsak ere balioan jarri nahi izan du Lejarragak: "Oso ausartak izan ziren bere garaian, eta gero, gainera, kooperatiba eta hezkuntza ereduetan ere beste dinamika batzuk sortu dituzte, haur-eskoletan, emakumeen laneratzean… Orduan egindako esfortzu berarekin jarraitzea geratzen zaigu gainontzeko guztioi".

Umezaintzaren eboluzioa

Haurtzaindegi kutsuarekin sortu zen, kontziliaziorako zaintza gisa, baina urteen poderioz familien beharra ere ikusi zela azpimarratu du Lejarragak, kooperatiba sortuz, eta Auzolanetik aldenduz. "Kooperatiba integrala sortu zen, gurasoak, kolaboratzaileak eta bertako langileak, eta berehala ikusi zen 0-3 eta 3-6 zikloak oso garrantzitsuak zirela, hezkuntza ere badela, eta bertako irakasleak magisteritza titulua ateratzen hasi ziren… Gero haurtzaindegiaren eboluzioa izan da, ikastolen munduan sartzea, euskara ardatz, eta bailarako beste hezkuntza kooperatibekin urtetan lan egitea. Umezaintza Arizmendi Ikastolaren barruan dago gaur egun, eta berrikuntza proiektu handiekin ari gara".

Arrasateko umezaintzako eraikina.

Hezten eta hazten, dinamismoan

Arrasateko umezaintzaren kasuan, egoera onean egon arren, hobekuntzak beti behar dira, baina, horretan instituzioek egin behar dute lan adierazi du Lejarragak: "Aukera gehiago ematen ari dira kontziliaziorako, gurasotasun-baimenak…, eta horrek gure sektorean hainbat gora-behera ekartzen ditu. Horrez gain, 0-3 eta 3-6 urte bitarteko etapak, haurraren garpenean urte garrantzitsuenak izanda, arlo laboralean eta soldatetan gutxiespena dagoela ere azpimarratu du, instituzio publikoei ahalegin bat eskatuz". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak