80ko hamarkadako mugimendu sozialak, gatazka politikoa, egoera ekonomiko larria, eta drogak eta horiek eragindako ondorioak jaso dituzte besteak beste, iruditan zein bideoan. Eta horren guztiaren erdian sortutako rock eta bereziki, punk taldeen loraldia. Patxadaz ikusteko erakusketa dela adierazi dute antolatzaileek.
Bionara bisita gidatuak
80ko hamarkada hartan Biona tabernak zeresan handia izan zuen Arrasaten eta urteak badaramatza ere itxita bisita gidatuak antolatu dituzte hara. Horretarako, izena eman behar da aurretik Kulturaten bertan. Erakusketa txiki bat gertatu dute taberna izandako lokalean eta bideo bat ere emango dute.
Erakusketak jarri du abian Ez Donk Amaitu ekimena. Eta irekiera ekitaldia Arrasateko egungo hainbat musikarik girotu zuten garai hartako hainbat kantu abestuta. Erakusketa azaroaren 27a arte egongo da zabalik, baina horrez gain, ekitaldi mordoa izango dira hilabete guztian.