"Egokitzapenek beti eskatzen dituzte aldaketak eta beti sorrarazten dituzte kezkak eta ardurak. Horregatik, bizilagunen pazientzia eskertu gura dugu. Obra honek zentro guztia hankaz gora dauka eta esan beharra dago bizilagunen jarrera primerakoa izaten ari dela", nabarmendu du Ubarretxenak.
Gaineratu du gutxika bada ere ari direla ikusten ingurua itxuraldatzen ari dela: "Eta bukatzean, oinezkoendako, bizikletendako eta, batez ere, bizitza komunitariorako espazio zabal bat izatea gura dugu".
Bestalde, Next Generation funtsari eskatutako dirulaguntza "bultzada garrantzitsua" izango litzatekeela uste du alkateak. "Garbi dute bizikletari eman behar zaion esparrua eta oinezkoari eman behar zaion garrantzia handia izan behar dela eta ahalegin bat egin behar dugula trafikoa herrigunetik ateratzeko. Ekobulebar-ak baldintza horiek guztiak betetzen ditu eta espero dugu laguntza hori jasotzea. Urte bukaerarako edo datorren urte hasierarako jakingo dugu laguntza jasoko dugun ala ez".
EH Bildu, "oso pozik"
Maider Morras Arrasateko EH Bilduren bozeramaileak aitortu du "oso pozik" daudela. "Gure ekimenaren ondorioz lortu da Garibai etorbidea oinezkoendako izatea. Beraz, aldaketa horrekin oinezkoek eta herritarrok irabaziko dugu. Pixkanaka, gure Laubide proiektua egikaritzen joango dela ikusten ari gara".
Dena den, autobus geltoki berria eta zerbitzu aldaketa erabiltzaileentzat "zoramena" izaten ari dela azpimarratu du. "Ez dago informaziorik, erabiltzaileek ez dakite noiz eta nora joan behar duten eta jendeak denbora asko pasatzen du itxaroten. Planifikazio falta izugarria egon da eta hori nabaritu egiten da".