Arrasateko Udal Gobernuak Ekobulebar-aren, Araba etorbidearen eta Foruen plazaren arteko bidegorriaren eta Santa Teresako igogailuen proiektuak aurkeztu ditu Next Generation Udalerrientzako Laguntza Programaren deialdian. Laguntza-lerro hori "berreskurapenerako Europako tresna gisa" sortu da, "eta enplegu-maila, jarduera ekonomikoa eta Espainiako eredu ekonomikoa iraunkortasunaren, digitalizazioaren eta gizarteratzearen inguruan eraldatzea dute helburu".
Hiru proiektuek 4.233.020,00 euroko aurrekontua dute: 1.828.124 euro Ekobulebar-ak; 346.500 euro Araba etorbidearen eta Foruen plazaren arteko bidegorriak eta 2.058.396 euro Santa Teresako igogailuek. Modu horretan, "mugikortasun iraunkorrean" oinarritutako plan hori gauzatzeko eskatutako funtsak 993.285,00 eurokoak dira: 743.285 euro Ekobulebar-erako; 200.000 euro igogailuentzako; eta 50.000 euro bidegorriarentzako.
Maria Ubarretxena alkateak adierazi du Arrasatek "etxeko lanak" egin dituela. "Gure ingurunea eraldatuko duten laguntzak jasotzeko aukera dugu. 2020-30 Herri Planaren bidez ezarritako gure politika publikoak bat datoz Europako politikekin: Arrasate iraunkorragoa, sozialagoa, bateratuagoa eta herritarren zerbitzura dagoena sortu nahi dugu, eta berdeagoa, klimaren erronkari erantzungo diona".
Hiru proiektu "estrategiko"
Alkateak nabarmendu duenez, Ekobulebar-aren helburua da kalitatezko hiri-espazio bat diseinatzea, ingurumenarekin jasangarria izango dena, "eta, horretarako, hiria aisia-kalitate ezin hobeko leku batez hornitzea, oinezkoei eta txirrindulariei laguntzeko, eta zerbitzuen energia eraginkortasuna eta espazioaren ingurumen-kalitatea bultzatzeko neurriak hartzea". Igogailuen proiektuari dagokionez, azaldu du helburu nagusia dela norberaren ibilgailuaren erabilera murriztea zerbitzu eta saltokietara sartzeko, "oinezkoen mugikortasuna sustatuz". Bidegorriak, azkenik, "mugikortasun iraunkorreko sistemen bidez konektatutako udalerri bat lortzea" du helburu.