Jaialdiko azken emanaldia izan zen atzokoa. Oholtza gainean Leire Etxezarreta, Garazi Barrena eta Asier Sala arrasatearrak, eta Huntza taldeko Aitor Huizi. Plaza, aldiz, herritarrez beteta. Musikaz gozatzeko gogoz.
'Gaualdi akustikoa'
Emanaldi akustikoa eskaini zuten musikariek. Leire Etxezarretak hasi zuen kontzertua, bakarka. Ondoren, Sala eta Barrena igo ziren oholtza gainera. Sala teklatuarekin eta Etxezarreta eta Barrena gitarrarekin aritu ziren. Talde ezagunen bertsioak eta abesti propioak abestu zituzten; adibidez, Etxezarretak itxialdian sortutakoa.
Ibai-artekoak pozik
Ibai-arteko presidente Jon Apraiz pozik zegoen emanaldiarekin, eta jaialdiarekin orokorrean: "Maila handiko musikariak izan ditugu, eta polita da jaialdia etxeko musikariekin ixtea. Azken finean, bertakoaren alde egitea da gure oinarria".