Hiru hilabete inguru iraungo dute TAO sistema berriaren seinaleak jartzeko lanek. Erdiguneko errepideak "ziurrenetik abuztuan" hasiko dira margotzen, Ceprenor enpresako langileen arabera, "trafikoa murritzagoa izango delako".
Gelmako biribilgunetik hasi eta San Andreserainoko aparkalekuetan ezarriko dute TAO sistema berria, ospitalean eta Zalduspe gunean izan ezik. Hala, Aldain, Txaetan eta Zerrajeran, esaterako, TAO jarriko dute. Era berean, herrigunetik kanpo dauden Musakola, Erguin, Obenerreka, Makatzena, Santa Marina eta Santa Teresa, besteak beste, salbuetsita geratuko dira.
Maria Ubarretxena alkateak aurreratu du irailean komunikazio kanpaina egingo dutela sistema berriaren xehetasun guztiak jakin ditzaten herritarrek.
Bost mota, bost kolore
Bost motatako sailkapena ezarriko diote TAO sistema berriari. Express deiturikoak gehienez 30 minutuz aparkatzea baimenduko du, eta arrosa kolorez egongo dira aparkalekuak markatuta. Kolore urdinekoak izango dira mota arrunteko aparkalekuak; gehienez hiru orduz utzi ahalko da autoa gune horietan. Aldi luzeko aparkalekuek goizez, arratsaldez edota 24 orduz aparkatzeko baimena emango dute, eta kolore berdekoak izango dira. TAO merkea delakoa ere ezarriko dute kolore gorriarekin.
Egoiliarrek erreserbatutako aparkalekuak edukiko dituzte, eta kolore marroiz bereizita egongo dira. Horiek erabiltzeko Urte osorako txartela eskuratu beharko dute bizilagunek.
Ferixalekuko aparkalekuek orain arte bezala funtzionatzen jarraituko dute, hau da, TAO merkearen bitartez. Sistema bera jarriko dute San Andreseko BM supermerkatuaren inguruko parkinean.
Iazko azaroko osoko bilkuran honako prezioak adostu zituen Udalbatzak: