Osoko bilkuran onartu ostean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute ordenantza, hilabetez interesdunek bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak eta iradokizunak egin ditzaten, eta, halakorik aurkeztu ezean, behin betiko onartutzat joko da. Hala, ondo bidean, 2021ko uztailaren 1ean jarriko da martxan TAO sistema berria (OTA), Udal Gobernuak azaldu duenez.
Lau tarifa mota egongo dira
Gelmako biribilgunetik hasi eta San Andreserainoko aparkalekuetan ezarriko dute TAO sistema berria, ospitalean eta Zalduspe gunean izan ezik. Hala, Aldain eta Txaetan, esaterako, TAO jarriko dute. Era berean, herrigunetik kanpo dauden Musakola, Erguin, Obenerreka, Makatzena, Santa Marina eta Santa Teresa, besteak beste, salbuetsita geratuko dira.
Onartutako ordenantzaren arabera, hasiera batean planteatutakoak baino merkeagoak izango dira TAO sistemaren tarifak, eta lau tarifa ezberdin egongo dira.
Lehenik, TAO Express izenekoa, "gestio azkarrak" egiteko erabili ahal izango da; prezioari dagokionez, hamabost minutu 0,20 euro ordaindu beharko da eta 30 minutu, 0,40 euro. Arrasaten erroldatuta daudenenentzat merkeagoa izango da; hain zuzen, hamabost minutu doan eta 30 minutu 0,20 euro.
Bigarrenik, TAO Merke tarifa doakoa izango da ordu eta erdiz eta bi gunetan aplikatuko da tarifa hori: Ferixalekuko aparkalekuan –Amaia antzokiaren albokoa– eta Araba etorbideko aparkalekuetan.
TAO Arrunta izango da beste tarifetako bat. Kasu horretan, hamabost minutuz aparkatu ahal izango da, gutxienez, eta hiru orduz, gehienez. Ordubete aparkatuta, esaterako, 0,80 euro ordaindu beharko da eta Arrasaten erroldatuta daudenek, 0,60 euro. Erroldatuek, gainera, hamabost minutu doan aparkatu ahal izango dute.
Azkenik, TAO Luzea egongo da, eta "Arrasaten denbora luzez aparkatu nahi dutenentzat". Hala, goiz osoa aparkatuta edukitzeagatik, 09:00etatik 13:00etara, 1,50 euro ordaindu beharko da; 16:00etatik 20:00etara aparkatzeagatik, 1,50 euro; egun osoko tarifa 3 euro izango da.
Denbora mugak ez errespetatzeagatik, halaber, isunak jarriko dituzte: arau-hauste bakoitza, 10,20 euro, hain zuzen. Era berean, jarraian jar daitezkeen isun kopuru maximoa laukoa izango da.
Egoiliarrendako txartela
Egoiliar txartela ere egongo da, eta bi txartel atera ahal izango dituzte egoiliarrek. Lehen ibilgailuarentzako prezioa urteko 35 euro izango da eta bigarren ibilgailuarentzako, aldiz, urteko 75 euro. "Alde zaharrean bizi direnentzat, bertara sartzeko dituzten eragozpenak kontuan hartuta, lehen ibilgailuarentzat prezioa 30 euro izango da eta bigarrenarentzat, 60 euro".
Periferiako aparkalekuak
Bestalde, Arrasate kanpoaldean aparkatzeko Arruena egokituko duela aurreratu du Udal Gobernuak, eta hirugarren bus linea zuzen bat jarriko duela, "tarifa merke batekin, zentrora autobus publikoan sartu ahal izateko". Lotura-autobus horiek zuzenak izango direla azaldu du Udalak, eta "etengabe" ibilbidea egiten ibiliko direla.
Horrez gain, "bizikletaren erabilera sustatzeko", bidegorri sarea osatzen jarraituko duela dio Udal Gobernuak. "Urtarrilean hasiko dira Ekobulebar-aren obrak, zeinak Araba etorbideko bidegorriari jarraipena emango dion Etxe Txikien esparruraino".
490 ekarpen inguru jaso dituzte
Sistema berriari forma eman ahal izateko parte-hartze prozesuan 490 ekarpen inguru jaso ditu Udalak, eta hainbat elementu hartu dituzte kontuan, Udal Gobernuaren esanetan; besteak beste, egungo auto trafikoen fluxua jaisteko ekimenak bultzatzea; mugikortasun ohitura berriak sustatzea; herriko sarreretan parking-guneak ezartzea; bus linea berriak jartzea, zuzenak eta barne tarifa baxuarekin; bidegorrien sarea osatzea; eta bizikletaren ohitura sustatzea eta TAO herri osoan ez ezartzea. Horretarako, alderdi politikoekin lanketa bideratu duela gaineratu du.
Proposamenak aintzat hartuta
Bestalde, Udal Gobernuak nabarmendu duenez, EH Bilduren hiru proposamen barneratu dituzte ordenantzan: isun kopuru maximoa jaistea; alkateak TAO aplikatzen den eremua handitu edo txikitzeko edukiko duen eskumena%10etik %5era murriztea eta tarifetan bigarren ibilgailuarentzat bertakoentzako txartela ez merkatzea.
EH Bilduk azpimarratu du, ordea, onartutakoak ez direla aipatutako hiru horiek bakarrik: "Eremua Gelma eta Aldaira handitzea eskatu genuen. Herriko bi muturretan disuasioaparkalekuak ezartzea eskatu genuen, San Josepe harrobia baliatzea aztertuz. Eta autobus azkarrari dagokionez, linea berri eta zuzena eskatu genuen".
Azaldu du, gainera, beste batzuk bidean gelditu direla: "Bidegorri sarea atontzea; hasieran, behintzat, sistema doan izatea; baserri auzoetako bizilagunentzat irtenbide bat topatzea; eta piboteen orduak berraztertzea".
"Bidegorriak TAOren aurretik"
Koalizio abertzaleak nabarmendu du TAO sistemaren eremua handitzearen aldekoak direla, "oinez edo bizikletan egindako desplazamendu aktiboak sustatzen eta kutsadura jaisten lagunduko duelako". Aldarrikatu du, halaber, eurak hasi zirela sistema ezartzen, duela sei urte. "Baina TAO plan handiago baten atal bat da, Mugikortasun Planaren atal bat, hain zuzen, eta beste ekintza sorta batekin batera landu behar zela uste dugu. Guretako onartezina da TAO ezarri gura izatea herritarrendako ganorazko bidegorri sare bat atondurik izan gabe edota, gutxienez, horretarako plangintza bat aurkeztu gabe".
Modu berean, perspektiba eta anbizio falta egotzi dio Udal Gobernuari. "Etorkizuneko Mondragoe marrazten lagunduko ligukeen Mugikortasun Plan bati buruz hitz egitea gustatuko litzaiguke, udal agintaldi bakarreko ikuspegitik harago argi luzeak isiotuta behingoz".
Zera erantzun du Gobernuak: "Herritarrei proposamena helarazi diegu, postontzietara, bilera informatiboen bitartez, eta abar. Ostean, prozesu partehartzaile bat egin dugu, eta, herritarren eskariak ikusita, hasierako proposamena birmoldatu dugu. Ostean, berriz entzun ditugu herritarrak, eta baita zuen proposamenak ere. EH Bilduk egindako hiru eskari onartu ditugu".
Zerbitzu publikoaren alde
EH Bilduk azpimarratu du zerbitzua "azpikontratatzearen" aurka daudela. "Ziurrenik, zerbitzu publikoa izanda, Udalak ez luke askorik aurreztuko, baina langileen lan baldintzak nabarmen hobetuko lirateke, eta hori izan beharko litzateke garrantzizkoena", diote. "Guk, duela sei urte, martxan jarri genuen TAOren proba pilotuan, argi uzten genuen publikoak izango zirela aurrera begira sortuko ziren lanpostuak. Eta ez hori bakarrik: TAO sistema guztiz desberdin bat irudikatzen genuen. Ez zen diru-biltzailea, tarifa bigunak zituen, eta askotariko kolektiboekin partekatu eta kontrastatu genuen".
Elkarrekin Arrasate ere kontra
Hiru arrazoi nabarmendu ditu Elkarrekin Arrasatek ordenantzari aurka egiteko. "Batetik, pandemia egoera honetan, euskal gizartea osasun, ekonomia eta krisi sozialean murgildurik dagoela, ez da testuinguru aproposa horrelako aldaketak herritarrei inposatzeko. Askoz lehentasun larriagoak daude. Bestetik, TAO zerbitzua enpresa pribatuek kudeatzea erabaki du Udal Gobernuak, ondasun publikoa are gehiago pribatizatuz. Eta, azkenik, Biteri eta Laubide aparkalekuentzako erabilera ikuspegi bat ez duen mugikortasun politikak beti izango ditu hanka motzak".
Bestalde, tasak ezberdinak izatea "atzerakoia" dela diote. "Herritarren gaitasun ekonomiko ezberdinak, klase soziala, kontuan hartzen ez duen eredu fiskal bat eredu atzerakoia da. Gehien dutenei mesede egiten die gutxien dutenen kontura. Hau kontuan hartu gabe ezin da sozialki justua den finantzaketa bat lortu, eta guk trinkotasunez egingo dugu sozialki bideazkoa den eredu baten alde eta proposatutako eredu atzerakoien aurka".
Azkenik, "herriko aparkamendu arazoak" ikusita, Laubide eta Biteriko aparkaleku "erraldoiak alferrik galduta egotea guztiz zentzugabea" dela diote.