TAOaren ordenantza eta tarifak onartu ditu Gobernuak, oposizioaren babesik gabe

Xabi Gorostidi 2020ko aza. 6a, 06:50

Besteak beste, zerbitzua "pribatizatzearen" aurka azaldu dira EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate. Hasieran ezarritako prezioak baino merkeagoak dira gaur onartutakoak: adibidez, urte osoko egoiliar txartelak 35 euroko kostua izango du lehen autorako, eta 75 eurokoa bigarrenerako. Gaurko aurreikuspenaren arabera, 2021eko bigarren seihilekoan egongo da martxan TAO sistema. 

Osoko bilkura telematikoa egin dute gaurkoan Arrasateko udalbatzako kideek, martitzeneko saiakera bertan behera geratu eta gero.


Bilera telematiko une batean, botoa banan-banan ematen. 

Eguneko gai garrantzitsuenen artean, lehenak, TAO sistemaren ordenantzaren eta tasen onarpenak izan dira. EAJk eta PSE-EEk alde botatu dute, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek, aldiz, aurka. 

Behin onartuta, hasieran planteatutakoak baino merkeagoak izango dira TAOren tarifak. Hauek izango dira TAOren prezioak, guneka.

  TAO express 
(gune gorria)  
  Orain  Lehen Merkatzea (%)
15 minutu 0,20 € 0,20 € % 0
30 minutu 0,40 € 0,40 € % 0

 

  TAO arrunta  (gune urdinak)  
  Orain Lehen Merkatzea (%)
15 minutu 0,20 € 0,20 € % 0
30 minutu  0,40 € 0,40 € % 0
1 ordu 0,80 € 0,90 € % 11
1,5 ordu 1,20 € 1,35 € % 11
2 ordu 1,60 € 1,95 € % 18
2,5 ordu 2,00 € 2,75 € % 27
3 ordu 2,40 € 4,40 € % 45

 

  TAO luzea (gune berdeak)  
  Orain  Lehen Merkatzea (%)
Goiz osoa (09:00-13:00) 1,50 € 2,00 % 25
Arratsaldea (16:00-20:00) 1,50€ 2,00 % 25

Arau hauste bakoitzak 10,20 euroko prezioa izango du, eta, gehienez, lau isun jaso ahalko ditu gaizki aparkatutako auto batek. 

Hauek dira egoiliar txartelek izango dituzten prezioak:

  Urteko kuotak
egoiliarrentzat  
  Orain Lehen Merkatzea (%)
Orokorra (barrutiz barruti)      
Lehen autoa 35 € 50 € %30
Bigarren autoa 75 € 75 € % 0
Berezia (alde zaharrekoentzat)      
Lehen autoa 30 € 40 € % 25
Bigarren autoa 60 € 60 € % 0

 

TAOren eztabaida

Gaur arte oposizioko alderdiek ez dute TAOri buruzko euren iritzirik plazaratu, eta gaurkoan aurkako botoa eman dute.

EH Bilduko Maider Morrasek adierazi du, "perspektiba eta anbizio falta" dituela TAO proposamenak, eta eurentzat zerbitzua azpikontratatzea "marra gorria" dela. "Langile horiek udal langileak izatearen aldekoak gara. TAOren tasak merkeagoak defendatzen ditugu. Guri gustatzen zaigun TAO sistemak, adibidez, askoz gehiago lehenetsiko lituzke bidegorriak". Salatu duenez, Udalak "5.300 euro ordaintzen dizkio hilero TAOren diseinua egiten ari den enpresari, eta lanean ari den langileak, soilik, 1.200 euro neto jasotzen ditu". 

Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek adierazi du ez dela "une aproposa TAO moduko inbertsio bat egiteko, ez baitakigu zein lehentasun izango ditugun 2021eko bigarren seihilekoan". "Zentzugabea" iruditzen zaio TAO sistemak Biteriko eta Laubideko aparkalekuak aintzat ez hartzea, eta arrasatear guztiei tasa berdinak aplikatzea "atzerakoia" iruditu zaio. "Horrek dirudunei egiten die mesede; behartsuei, aldiz, kalte". 

EAJko Anuska Ezkurra "harrituta" azaldu da oposizioko kritiken aurrean, eta jarrera "oztopatzailea" dutela adierazi du, behin baino gehiagotan. Zera erantzun du EH Bilduk leporatutako "anbizio faltaren" harira. "Anbizio falta? Harrituta nago. Herritarrei proposamena helarazi diegu: postontzietara, bilera informatiboak... ostean, prozesu parte hartzaile bat egin dugu, eta herritarren eskariak ikusita hasierako proposamena birmoldatu dugu. Ostean, berriz entzun ditugu herritarrak eta zuen proposamenak ere. EH Bilduk egindako hiru eskari onartu ditugu". Horien artean daude, gehienez jar daitezkeen isunak seitik laura pasatzea, egoiliarren txartelean deskonturik ez aplikatzea bigarren autoaren tarifan eta TAO gunea handitzeko alkateak duen eskumena %10etik %5era jaistea. Ezkurrak ere, esker hitzak izan ditu prozesu parte hartzailean parte hartu dutenentzako.

Emakume Txokoa eta feminismoa, eztabaidagai

Eguneko azken puntuan EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek azaroaren 25aren harira jarritako mozioa landu dute, baina ez du aurrera egin Gobernuak aurka botatu ostean. Oposizioko bi alderdiek 21 puntuko mozioa aurkeztu dute.

[Mozioa bere osotasunean irakurtzeko egin klik hemen]

Bertan, nagusiki,  pandemia garaian emakumeen aurkako erasoek okerrera egin dutela azaltzen zuten; neurrietan artean zeuden, besteak beste, COVID-19aren eraginak aztertzea eta horren aurkako neurriak hartzea, 2021eko aurrekontuetan Berdintasun Sailan murrizketarik ez egotea eta genero ikuspegia aintzat hartzea, indarkeriaren behatoki bat eratzea, gizonei zuzendutako sentsibilizazio kanpainak, eta Emakume txokoaren lekualdatzea. 

Bi alderdiek kritikatu egin dute 2021eko aurrekontu proposamenean Gobernuak Berdintasun Sailaren partida jaitsi izana, eta Emakume Txokoaren lekualdatzean "pausurik ez ematea". "Herriko puntu ilunak aztertzeko 5.000 euroko partida jarri duzue, eta Gabonetako argietan 77.000 bideratu dituzue datozen bi urteetarako. Hor ikusten da nola ulertzen duzuen feminismoa" adierazi du EH Bilduko Maider Morrasek.

Gobernuaren izenean Berdintasun batzordeburu Joana Sanchez sozialistak hartu du hitza –euskara hutsean egin du–. Adierazi du EUDELen testu bat eraman zuela batzordera, azaroaren 25erako denen onarpena izango zuen adierazpen instituzional bat lantzeko. "Oposizioko bi kideek bilera bertan behera utzi zenuten, eta ez dugu akordiorik lortu. Formak ikusita, ez dugu mozioa baloratu ere egingo eta aurka botatuko dugu. Hori bai, oraindik garaiz gaude hilaren 25erako testu bat adosteko; gu, behintzat, ahaleginduko gara".  Emakume Txokoaren lekualdatzeei buruz, kokaleku berriak aztertzen dabiltzala adierazi du, eta Uarkape, Monterron eta Elmako eraikina aipatu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak