Gaur eguerdian egindako agerraldian eman du Gobernuak aditzera, nolako izango den Arrasatek 2021tik aurrera izango duen TAO sistema. 2020ko urtarrilean zirriborro bat plazaratu zuten, eta, ostean, hainbat aurkezpen egin zituzten herritarrekin eta herriko eragileekin. Hala, parte hartze prozesu bat egin zuten herritarren ekarpenak jasotzeko, eta, ostean, ausaz aukeratutako herritar talde murriztu batekin lanketa egin dute, ekarpen guzti horiek, ahal den heinean, sisteman txertatzeko. Guztira, 420 ekarpen inguru jaso ziren eta horiek zortzi multzo nagusitan banatu zituzten. Herritarren interesak eta proposamen nagusien bideragarritasuna aztertu ostean, gaur eman dituzte aditzera sistemak izango dituen berritasun nagusienak.
TAO gune gehiago
Herritarrek hala eskatuta, TAO guneak ezarriko dituzte Gelmako etxebizitzetan, Aldain eta ospitale inguruko gune batzuetan. Konkretuki, Nafarroa Etorbidean eta Txaetan jarriko dute TAO -gorria eta urdina- eta, Zerrajeran, Zalduspen eta Fagorren aparkalekuan ez dute TAOrik jarriko. "Alde batetik, bertako bizilagunek egin dute TAO gunea jartzeko eskaria; beldur ziren egun osorako aparkalekua behar dutenek bertan aparkatuko zutela. Horrez gain, errotazioa behar duen gunea da, ospitalera sartu-irten azkarrak egitera jende asko joaten baita. Baina beste alde batetik, egun osorako aparkalekuak egoteko eskariak zeuden, batez ere, ospitalera egun osorako zaintzak egitera doazenenak, bertara lanera doazenenenak... Guzti hori ikusita, erdibideko soluzio baten alde egin dugu, kale batzuetan TAO jarriz, eta beste batzuetan ez" azaldu du Aztiker enpresako Susana Martinezek.
Nafarroa etorbidean TAO urdina jarriko dute ospitale aurreko aparkaleku gutxi batzuetan eta Udaltzainen egoitza ostean dauden aparkalekuetan. Txaeta kalean aparkaleku lerro guztiak urdinak izango dira, bat izan ezik. La Caixa-ko etxeen aurreko aparkalekuak eta horiekin bat egiten duen Txaeta kaleko aparkaleku bat egoiliarrentzat izango dira.
Gelma gunean, Aldain eta Etxe Txikiak kaleetan egoiliarrentzako aparkalekuak jarriko dituzte, nagusiki. Salbuespen bakarrako Gelmako Deba Etorbidea eta Martxoaren 8a kalea izango dira, non, aparkaleku urdinak jarriko dituzten.
Azaldu dutenez, ausazko taldeak argi zuen TAO sistema ezin zela herri osora zabaldu. "Bazeuden halako eskariak, baina ulertuta herri osoan ez dagoela trafiko eta aparkaleku dentsitate berdina, erabaki zuten herri osora ez zabaltzea".
Aparkaleku disuasorioa eta herribus linea berria
Herriko sarreretan aparkaleku disuasorioak jartzeko eskariei erantzunez, Arruena parkean -Musakolako astoa dagoen belardian- 200 plazako aparkalekua jarriko dute, herribus linea berri batekin batera. Autobusak express izaera edukiko du; parada gutxirekin eta maiztasun handiarekin. "Ziur aski autobus elektriko bat erabiliko dugu, linea hori ez baita herriko gune altuetara helduko" azaldu du Hirigintza eta Mugikortasun zinegotzi Ibon Arrupek .
Horrez gain herribusaren tarifak merkatuko dituztela azaldu dute. "Une honetan Gipuzkoako Garraio Agintaritzak ezartzen ditu Arrasateko herribusaren prezioak, eta 1 tarifa dugu; tarifa garestiena da, Donostiako urbanoen parekoa. Asmoa da hirugarren tarifa ezartzea, askoz merkeagoa dena".
Egoiliar izateko baldintzak
Egoiliar txartela baliatzeko, autoa eta jabea Arrasaten erroldatuta egotea derrigorrezkoa izango da. Txartela eskuratzeko aukera Arrasaten erroldatuta daudenei soilik ematea ere proposatu da, kotxea erroldatuta egotearen baldintza kenduta. Udaletik adierazi dute "errolda bidezko kontrol sistemak iruzurra ekiditeko" erabiltzen direla, beraz, kotxe jabearen errolda eta kotxearen errolda erabili beharko direla TAO zonaldeak kokatu ala ez ebazteko.
Aparkaleku publikoak merkatzea
Herriko komertzio eta zerbitzuetara erostera edo lanera datozenei erantzuteko, Laubideko eta Biteriko aparkaleku publikoen tarifak merkatzen ahaleginduko direla azaldu du Maria Ubarretxenak. "Kontzesioa duten enpresekin harremanetan ari gara gaur egungo tarifak merkeagoak izateko".
Aipatutako kolektiboetatik eguneko egoiliar txartelak jartzea eskatu dute, baina aukera hori baztertu egin dute: "Eguneko egoiliar txartelak ere proposatu dituzte herritarrek, zerbitzu eta erakundeetako langileentzat urgentziazko egoeretarako edo mendeko pertsonen zaintzarako familiakoentzako. Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, "azterketa sakon baten ostean, ikusi da egoiliar txartelak ugaritzeak egoiliarren aukerak murrizten dituela, eta luzera sistema osoa hankaz gora jarriko lukeela. Hortaz, egoiliar txartela egoiliarrentzat soilik izatea hobesten da".
Irabazi asmorik gabeko sistema
Ausazko herritarren lan-taldean hartutako lehen erabakia izan da, TAO sistemak irabazi asmorik gabekoa izatea. Sistema ezartzeko bost lanpostu sortuko dituzte -lau TAO ikuskatzaile eta bosgarrena, herritarrei tramiteekin laguntzeko bulego bat sortzeko- eta horrek suposatuko duten kostua estali beharko du sistemak. "Hori estaltzeaz gain, diru gehiago balego, mugikortasunarekin lotutako jardueratan edo elkartetan inbertituko genuke diru hori" azaldu du Maria Ubarretxenak.
Hasiera batean planteatutako tarifak merkatuko dituzten galdetuta, zera adierazi du Ibon Arrupek: "Prezio horiek ez dira behin-behinekoak eta berrikusi egingo ditugu sistema ezarri bitartean".
Ferixalekuko sistema, Munarren eta San Andresen
Gaur egun Ferixaleku gunean dagoen sistema herriko beste bi gunetara zabalduko dute, herritarrek hala eskatuta. Gune horretan ordu eta erdiz aparkatu daiteke, doan. Hala, sistema bera ezarriko dute Munarren eta San Andresen. Munarren, Nebraska taberna parean dagoen aparkalekuan, eta San Andresen, BM aurreko aparkalekuetan. "Baldintza jakin batzuk dituzten guneak direlako aukeratu ditugu. Alde batetik zerbitzu ugari daude bertan, eta bestetik sarrera-irteera guneak dituzte, eta hori lagungarri da aparkatu nahi dutenen joan-etorriak gutxitzeko" azaldu du Ibon Arrupek.
8 orduko aparkalekuak, Araba Etorbidean
San Andres auzoko Araba Etorbidean egoiliarren aparkaleku batzuk 8 orduko gune izatera pasako dira. "Hasierako planteamenduan, egoiliarrientzat aparkaleku gehiegi zeudela ikusi dugu, eta gune berdeengatik ordezkatuko ditugu" azaldu du Ibon Arrupek.
Gune urdinetan, 30 minutuz doan
Arrasaten erroldatutako autoek ordu erdiz aparkatu ahalko dute doan gune urdinetan. Espres guneetan –gorrietan– ordu laurdenez egin ahalko dute gauza bera.
Farmazietan express guneak
Farmazien kanpo-aldean bi express aparkaleku ezarriko dituztela eman dute aditzera: San Andresen, Zarugalden, Zaldibarren, Euskal Herria Plazan...
2021eko martxoan, "dena ondo bidean"
Sistema berria 2021eko martxoan martxan egotea da Udal Gobernuaren asmoa. "Lehenik eta behin aldaketa guztiak ordenantza batean plasmatu behar dira, eta alegazioak aurkezteko epea zabalduko da. Aldi berean sistema ezartzeko lehiaketa publikoa jarriko dugu martxan, eta hor ere alegazioak egon daitezke. Dena ondobidean, 2020ko otsailean emango zaio onarpena osoko bilkuran, eta martxoan abiatuko litzateke sistema berria" azaldu du Ibon Arrupek.
Aurretik egin moduan, gaur ere azpimarra jarri dute sistema etengabe berrikusteko izaeran. "Halako sistema bat ezarri eta lehenengoan asmatzea ezinezkoa da. Beraz, martxan jarri ostean berrikusi egingo da, eta hobekuntzak ezartzeko izaera izango du".
Eguaztenean, herritarrei aurkezpena
Eguaztenean, batzar irekia egingo dute Udaletxean, herritarrei aldaketa guztien berri emateko. Hitzordua: Osoko bilkura gelan, 18:00etatik 20:00etara.