2020an forma hartuko du Arrasateko erdigunean aparkatzeko TAO sistemak (OTA), eta "2020 amaierarako edo 2021 hasierarako" martxan egotea da Udalaren aurreikuspena. 2018ko apirilean aho batez onartu zuen udalbatzak Mugikortasun Plana, eta bertan, TAO sistema erdigunean aplikatzea jasotzen zen. Horren ostean, hainbat bizilagunek kexa bidez eskatu dute sistema berria aplikatzen hastea –Munar, San Andres eta Bizkaia etorbidekoak, besteak beste–.
Parte hartze prozesua
Sistema berria herritarren ekarpenekin eta parte hartzearekin osatzea da Udal Gobernuaren nahia, eta Aztiker enpresa adituaren laguntzarekin parte hartze prozesu bat diseinatu du. Herritarrei etxera bidali zaien planteamendua behin-behinekoa dela gogorarazi nahi izan dute, hori herritarren ekarpenekin osatu nahi dute eta. Eguaztenean egindako agerraldian eman zuten parte hartze prozesua aditzera –Udaleko alderdi politiko guztien babesarekin– eta hiru fase izango ditu: lehen fasea urtarrilaren 13tik 17ra izango da eta bi helburu izango ditu: informazioa zabaltzea eta ekarpenak batzea. Informazioa zabaltzeko panel informatiboekin hornitutako gune ibiltariak jarriko dituzte herrian eta bi eztabaida saio publiko egingo dituzte: hilaren 14an Etxaluzen eta hilaren 16an udaletxeko osoko bilkura aretoan –biak 18:30ean–.
Eztabaidei ekin aurretik, Bidein enpresak egin eta postontzietara bidali den hasierako proposamenaren azalpen grafikoak egingo dituzte. Ekarpenak urtarrila amaitu arte egin ahalko dira, hiru modu hauek erabiliz: gune informatiboetan; Etxaluzen, BAZen, Kulturaten edo Kiroldegian jarriko diren postontzi finkoetan; eta www.arrasate.eus webgunean. Ez da derrigorrezkoa izango Arrasaten erroldatuta egotea, ezta adinez nagusi izatea. Hala, kasu honetan, beste herri batzuetatik Arrasatera lanera datozenek ekarpenak egin ahalko dituzte zuzenean eragiten dien gai honetan.
Ausaz aukeratutako herritarrak
Behin ekarpenak batuta, horiek hasierako planteamenduarekin bateratzen ahalegintzea izango da hurrengo zeregina. Horretarako, ausaz aukeratutako herritar talde bat osatuko dute, 20-25 lagunekoa, gutxi gorabehera. "200 herritarri gutun bat bidaliko diegu datorren astean. Adin, sexu eta auzo aniztasuna ahalik eta hoberen ordezkatzen dituen lagin bat izango da, eta, orokorrean, gutuna jasotzen dutenen %10ek erabakitzen dute parte hartzea; beraz, 20-25 lagun arteko taldea osatzea espero dugu", azaldu du parte hartze prozesua dinamizatuko duen Aztiker enpresako Susana Martinezek.
Hiru lan-bilera egingo dituzte otsailean zehar eta bertatik azken proposamen bat irtengo da. Herritar hauek egingo duten lana eskertzeko, Udalak "detaile bat" edukiko du ausaz aukeratutako horiekin. Lantalde horren txostena Hirigintza Sailera bideratuko da, egokitzapenak egiteko. "Ostean, ordenantzak egin beharko dira, pleguak atera, esleipenak egin... prozesuak 2020 amaierara arte iraungo du", azaldu du Juan Antonio Urdangarinek, Hirigintza Saileko buruak.
Hiru guneko sistema
TAO sistema herriko hiru gunetan ezarriko dute. Zero gunea deiturikoa da handiena –1.085 aparkaleku– eta azpigune hauek hartzen ditu barne: FerixalekuSan Frantzisko, Otalora, Garibai, Zarugalde –Bizkaia etorbidea barne– eta Munar. 1 guneak 407 aparkaleku ditu eta Arimazubi eta Uribe guneak hartzen ditu barne. 2 gunea San Andres auzoan kokatzen da eta 746 aparkaleku ditu. Hauei guztiei Biteriko eta Laubideko aparkalekuak gehituz gero –137 eta 165 aparkaleku, hurrenez hurren–, 2.540 aparkaleku zenbatu dituzte hiru gune horietan. Musakolan, Altamiran, Txaetan, Erguinen eta Santa Teresan, berriz, ez da TAO sistemarik aplikatuko.
Bost arrazoi eta hainbat datu
Eguazteneko prentsa agerraldian bost argudio aipatu zituen Ubarretxena alkateak, TAO sistema ezartzearen alde: mugikortasun paradigma berrietara egokitzeko, aparkalekuak ordenatzeko, bizilagunei eskariak aintzat hartzeko, erdigunea herritarrentzat izateko eta bizi estilo jasangarriagoa edukitzeko. Aldaketa behar hori hainbat datu emanaz argudiatu zuten:
- Arrasaten 22.019 biztanle daude, eta 13.196 ibilgailu; adinez nagusikoak 18.562 direla kontuan hartuta, gidatzeko adina duen pertsona bakoitzeko 0,71 ibilgailu daude.
- Batez beste 1,5 ibilgailu daude etxebizitza bakoitzeko, eta erabilera datuek gora egin dute azken urteetan.
- 2007an, adibidez, herri barruan ibilgailuekin egiten zen desplazamendu kopurua 2,98koa zen pertsonako; baina 2016an, datua 3,4koa zen.
- 2007an biztanleen %38,6k ibilgailu pribatua erabiltzen zuten herri barruan mugitzeko eta 2015ean, aldiz, %46k.
- Herriko CO2 isurketen %32 trafikoak eragiten du, industriak baino ehuneko bi gehiago.
Ordutegiak eta gastuak
Hasierako proposamenak astelehenetik ostiralera arteko funtzionamendua ezartzen du. Honek eduki ditzakeen gastu posibleak ere kalkulatu dituzte, urtean 400.000 euro bueltakoak. Horrekin gastu hauek estaliko lirateke: parkimetroak jartzea, seinaleztapen horizontalak eta bertikalak jartzea, sistema kudeatzeko lokala eta langileak – bost pertsona ingurukoa– eta mantentze-gastuak.
Tarifak
Etxeetara bidali duten esku orri informatiboak ez du informazio hau jasotzen, baina jada egin dute planteamendu bat, datorren asteko gune informatiboetan ere ikusi ahalko dena. Ondorengo taulan ikus daitezke zein tarifa finkatu dituzten behin-behinean.
Onuradunak eta kaltetuak
Etxeetara heldu den proposamena, behin-behinekoa da, eta zaila da nori egingo dion mesede zehaztea aplikatzen hasi aurretik. Baina planteamendua aztertuz gero, ikus daitezke hainbat joera posible.
Onuradunen artean lehena, mugikortasuna. Hau aplikatzean garraio jasangarriagoak gehiago erabiliko dira –garraio publikoak eta bizikletak, kasu–, erdigunean oinezkoentzako atseginagoa bihurtuko da eta CO2 emisioak murriztuko dira. Horrez gain, onurak dakartza egoiliarrentzat. Erdialdean, San Andresen eta Uribe aldean dauden 2.540 aparkalekuetatik 1.220 (%48) eurentzat esklusiboki izatera pasako dira, eta denbora asko aurreztuko dute aparkalekuak bilatzen. Etxebizitza bakoitzetik bi egoiliar lizentzia atera ahalko dira.
Kaltetuen zerrendan, lehenak TAOrik gabeko auzoak dira. Hirigintza Saileko teknikariek aurreikusten dutenez, TAO sistema aplikatzerakoan asko zailduko da Musakolan eta Txaeta inguruetan aparkatzea, adibidez. Beste kaltetu batzuk beste herri batzuetatik Arrasate erdigunera lanera datozenak izango dira. Udalaren estimazioen arabera 5.000 pertsona inguru dira, egunero erdigunera lanera edo zerbitzuak baliatzera datozenak. Zortzi orduz lanera datozen horiek aldi luzeko aparkalekuak erabili ahalko dituzte soilik, eta proportzioan nahiko gutxi dira: guztira, %10,9, eta erdialdea barne hartzen duen 0 gunean %7,3. Horrez gain, kanpotik datozen horiek eguneko lau euro ordaindu beharko dituzte –hileko 80 euro–. Herriko sarreretan disuasio aparkalekuak jartzea aurreikusten duten galdetuta, zera erantzun zuen EH Bilduko Aitor Zubiagak: "Arrasatera lanera datozenentzat aukera bat izan daiteke. Batzordean aipatu izan dugu, baina, momentuz, ez dago barne; orain eska dezakete nahi dutenek".